Bilbok 722 urte bete ditu gaur

0

Bilbok 722 urte bete ditu gaur, eta ospatzeko, Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea eta Udal Korporazioko gainerako kideak buru direla, Hiriko Banderaren igoera egin da Ernesto Erkoreka Plazaren erdialdeko lorategietan, sinbolismoz betetako ekitaldi instituzional baten bitartez.

Ekitaldia goizeko 10:30ean egin da, 2003az geroztik Ernesto Erkoreka Plazako lorategian kokatuta dagoen Beteluriko Zin-Jesarlekua deritzon XVIII. mendeko pieza eskultorikoaren ondoan.

Alkate soinua” tarteko, Bilboko Udal Txistulari Bandak harrera egin dio karguaren domina bereizgarria agerian zeraman Udal Korporazioari. Ohorezko aurreskuaren ondoren, Aburto Alkateak igo du Bilboko Bandera, 1845etik Hiriko ikurtzat erabili eta 2016ko azaroan ikur ofiziala bihurtu zena.

Ekitaldiari amaiera emanez, Alkateak erramu-koroa jarri du banderaren ondoan, eta krabelin gorriak eta zuriak Udal Korporazioaren gainerako kideek, Txistulari Bandak “Ohorezko kontrapasa” eta “Txoria txori” interpretatzen zituen bitartean.

Lehen aldiz koronabirusaren pandemiak eragindako osasun-murrizketarik gabe egin den Hiriko Banderaren igoera da Bilboko Udalak egiten dituen ekitaldi instituzionalik solemneenetakoa da. Duela bost urte, Joaquín Rucobak diseinatutako egungo Udaletxerako lekualdatzearen 125. urteurrena ospatu zen.

Bilboren sorreraren 722. urteurreneko ospakizunak aste osora luzatuko dira, izan ere, barikuan eta zapatuan, hilak 17 eta 18, Gau Zuriaren edizio berri bat antolatuko da, eta domekan, ekainak 19, Udal Korporazioak, Aburto Alkatea buru, ohiko desfilea egingo du Udaletxetik Plaza Biribilean dagoen On Diego Lopez Harokoren omenezko estatuaraino, Hiriaren sortzailearen omenezko lore eskaintza egiteko, Bilboko bizitza sozial, kultural, ekonomiko eta herritarraren hainbat ordezkariren parte-hartzeaz. Ekitaldiaren amaieran, herritarren parte-hartzeari irekitako erromeria egingo da.

SARE SOZIALAK: