Marian Olabarrieta Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak, gaur goizean, Europa Biltzar Jauregian, Suizidioak eragindako doluan nola lagundu mintegia inauguratu du; mintegia Asafesek antolatu du, Buru GaIxotasuna duten Pertsonen eta Senideen Arabako Elkarteak.
Olabarrietak “atsekabe handiz” ekarri du gogora astearen hasieran Bizkaiko espetxean bere buruaz beste egin duen pertsona. Badakigu behin-behineko espetxealdian arriskuak handiagoak direla, eta amaiera hain dramatikoak dituzten egoerak saihesteko protokoloak ditugu. Gure espetxe-eredua osasun mentaleko lana areagotzen ari da. Hala ere, errealitateak ekartzen dizkigun zaplazteko hauek gogorarazten digute ahalegin handiagoa egin behar dugula, ahuluneak detektatu eta hobetzen jarraitu behar dugula, arreta integrala, hobea eta, ahal bada, pertsonalizatuagoa eskaintzeko”, esan du.
Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak gogora ekarri duenez, 2019tik, Eusko Jaurlaritzak EAEn Suizidioa Prebenitzeko Estrategia bat du, eta hark protokolo eta neurriak ere jasotzen ditu, “bizirik irauten duten pertsonek gizarte-zerbitzuen eta osasunaren aldetik erantzun egokia jasotzen dutela bermatzeko”, eta “egoera tragikoetan hurbileko pertsona bat galdu ondoren mina kudeatzeko eta prozesatzeko beharrezkoak diren tresnak” jasotzen dituztela bermatzeko.
Olabarrietak emandako Eustaten datuen arabera, EAEn pertsona batek bere buruaz beste egiten du bi egunean behin. 184 pertsonak egin zuten beren buruaz beste EAEn 2020an. “Hori da errealitatea. Isilpean gorde dezakegu. Ezkutuan gorde dezakegu. Baina ezin dugu ukatu. Eta kontuan hartzen ez badugu, ezin izango diogu arazoari heldu”, esan du.