Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak 390 errentamendu-kontratu egin zituen iaz

0

 

Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak 390 errentamendu-kontratu egin zituen iaz: 2020an baino 57 gehiago. Horrela, bada, 2021eko abenduaren 31n, 8.609 lagun bizi ziren Bilboko udal etxebizitzetan: aurreko urtean baino 23 gehiago, hain zuzen ere.

Jon Bilbao Etxebizitza Saileko zinegotzi ordezkari eta Udal Etxebizitzak erakundeko presidenteak prentsaurrekoan azaldu duenez, «2021ean, oraindik ere, pandemiak baldintzatuta egon bagara ere, apurka-apurka normaltasunera itzuli gara, eta udal etxebizitzen esleipen-kopuruak hazten jarraitu du».

2021ean, 4.202 udal etxebizitza zeuden Bilbon. Horietako 86 zuzkidura-bizitokiak ziren, eta 113, berriz, etxebizitza egokituak. Gainera, erakundeak 895 lokal, 366 garaje eta 72 trasteleku zituen.

Udalaren higiezinak uriko zortzi barrutietako zazpitan eta hogeita hiru auzotan banatuta daude.

Biztanle-kopuru handiko udalerrien artean, Udal Etxebizitza babestu gehien dituen hiria izaten jarraitzen du Bilbok: 82 biztanleko, 1 etxebizitza babestu.

Etxebizitza alokatzeko 390 kontratuetatik, 168 titulartasun-eskariz egin ziren (batez ere, kontratuak berritzeko). Era berean, nabarmendu behar da lehentasuna duten taldeentzako 84 kontratu egin zirela. Gainera, 36 lokalen alokairu-kontratuak itxi ziren, etxebizitzaz besteko erabilerarako.

Udal etxebizitzen esleipendunei dagokienez, % 20 35-65 urte bitarteko herritarrak dira, eta % 57,14, aldiz, 35 urtetik beherakoak. % 86,6, bestalde, kide bakarreko edo biko bizikidetza-unitateak izan ziren. Generoaren ikuspegitik, esleipendunen % 40,3 emakumeak dira, eta % 59,7 gizonak.

2021ean, Udal Etxebizitzak erakundeak 13.966.659 euro fakturatu zituen, parke publikoko alokairutan. Errenta finkoaren batez bestekoa hileko 259 € da etxebizitzetarako, eta hileko 223 €, berriz, lokaletarako.

2021eko abenduaren 31n, 9.779 lagun zeuden erregistratuta, udal etxebizitzen eskatzaile gisa. % 27 inguru 35 urtetik beherakoak ziren, eta % 78 baino zertxobait gehiago, aldiz, kide bakarreko edo biko bizikidetza-unitateak.

Bilbon alokairuko etxebizitza publikoa eskatzen duten pertsonen diru-sarrerei dagokienez, gehienek (% 51,25) 9.000-15.000 euro artean jasotzen dute urtean, eta, % 26,68k 3.000-9.000 euro artean jasotzen du.

BIZITOKI-BALIABIDE BERRIAK, ERREHABILITAZIOA ETA MANTENTZE-LANAK

2021ean, Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak Otxarkoagako Txotena kaleko 18-24 zenbakietan dagoen eraikinaren energia-efizientzia eta irisgarritasuna hobetzeko lanei ekin zien. Era berean, Larrakoetxe 1ean, birgaitze energetikoari eta arkitektura-oztopoak kentzeko prozesuari ekin diote, Otxar Opengela gertuko bulegoaren bitartez.

Otxar Opengela laguntza teknikoa ematen ari zaie irizpide publikoekin kontratatzeko Zuzendaritza Fakultatiboaren Mankomunitateari eta obren exekuzioaren ardura duen eraikuntza-enpresari (obrek, esan bezala, higiezinaren egitura energiaren aldetik berritzeko eta bertako irisgarritasuna hobetzeko xedea dute).

Zentzu horretan, 2021ean, AVS Etxebizitzaren eta Lurzoruaren Kudeatzaile Publikoen Espainiako Elkarteak Bilboko Udal Etxebizitzak erakundearen lana aintzatetsi zuen, hiri-birgaitzearen eta -biziberritzearen alorrean, eta accesita eman zion, erakundeak urtero banatutako sarietan.

Bizitoki-baliabide berriak sustatzeari dagokionez, 2021ean Ametzolako 66 zuzkidura-bizitoki eta 150 aparkaleku-plaza esleitzen hasi ziren —bigarren fasean, 94 bizitoki gehiago eraikiko dira (160 izango dira, guztira)—.

2021ean, 2.017.406 € bideratu ziren etxebizitza eta lokalen udal parkean mantentze-lanak egitera. Zenbateko horretatik, 1.680.102 € etxebizitzetako obretarako izan ziren, eta gainerakoa lokaletan eta konponketetan erabili zuten. Zehatz esateko, 137 berrikuntza-lan egin zituzten etxebizitzetan, 23 obra lokaletan, eta 3.419 konponketa-lan.

ZERBITZUAREN KALITATEA ETA JARDUKETA ESTRATEGIKOAK

2021ean, Udal Etxebizitzak erakundearen informazio-zerbitzuak 23.614 kontsulta erantzun zituen. Gehienak telefonoz egin ziren (17.679), eta, bestalde, posta elektroniko bidez artatutakoak bulegoan presentzialki izandakoak baino askoz gehiago izan ziren (4.650 eta 655, hurrenez hurren).

Etxegabetzeen aurreko zerbitzuak balizko 111 kasu artatu zituen, eta, ondorioz, bat-bateko etxegabetasunagatiko 77 espediente hasi zituen.

Bestalde, Gazte Solidarioaren XII. edizioaren testuinguruan, 20 pisu esleitu ziren.Udal Etxebizitzak erakundeak, Euskal Herriko Unibertsitateak, Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak «Udal Etxebizitzak gazte solidarioentzat» programaren XII. deialdia jarri zuten martxan, ekainean.

Hiru unibertsitateetako graduondoko ikastaroetan matrikulatutako ikasleei zuzenduta dago ekimena, eta udal etxebizitzak alokairu partekatuan eskaintzea du helburu, 55 €-ko prezio sinbolikoan. Horren truke, 2020-2021 ikasturteko ekimeneko ikasleek 20 etxebizitza horiek dauden auzoetan, hau da, Otxarkoagan eta Bilbo Zaharrean, proiektu komunitarioetan parte hartu dute, baita kolektibo ahulei babesa emateko programetan ere.

SARE SOZIALAK: