Donostiako Udalak kaleko afariak aztertu ditu eta sustatzaileekin konponbideak bilatuko ditu

0

Udalaren helburua hirian egiten ari diren jarduerak aztertzea eta hauen ezaugarriak ezagutzea izan da, ekimen horietan parte hartzen duten taldeekin ondorioak partekatzeko eta horien onura jasotzen duten kolektiboei eskaintzen zaien arreta hobetzeko. Azterketa urtarriletik martxora bitartean, bazkariak eta afariak eskaintzen dituzten herritar taldeekin eta arreta hori jasotzen duten pertsonekin egin da.

Guztira, egindako erroldan jasotako 136 pertsonetatik 97 elkarrizketatu dira, hau da, aztertutako talde osoaren % 71,32a.

Elkarrizketatutako pertsonen %100 gizonak dira eta, baita %100a ere, etxegabetasun-egoeran daude. Izan ere, %78,3a hiriko kaleetan bizi da, eta bertan igarotzen du gaua. Nabarmentzekoa da, gainera, adinez gazteak direla: gizonen % 58,76ak 18 eta 29 urte bitartean ditu, eta % 29,90ak 30 eta 44 urte artean.

Joan etorriko biztanleria

Elkarrizketatutako pertsonen %91,76a Magrebetik dator eta ia erdiak ez du gaztelaniaz hitz egiten. Ehuneko esanguratsu batek (%72) sei hilabete edo gutxiago daramatza Donostian, eta %88ak urtebete baino gutxiago. Elkarrizketatutako pertsonen %70ak fitxa soziala du irekita Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuetan (GLUZ).

Otorduak programa

Errealitate horren aurrean, eta gizarteratze-eredu integratzaileagoak finkatzeko asmo sendoarekin, Gizarte Ekintza Zerbitzuak Otorduak ekimena indartu du. Otorduak bazterketa larrian dauden pertsona eta familiei zuzendutako elikadura-programa bat da eta, honi esker, beharra duten pertsonek eguerdian otordu bero bat eta ogitarteko bat edo tuper bat eskura dezakete, hiriko ostalaritza-zerbitzuen laguntzari esker.

Egun, 13 ostalaritza-zentrok parte hartzen dute ekimen honetan, eta guztira 61 plaza daude gaituta, horietatik 51 beteta. Beraz, 10 plaza geratzen dira libre eta ez dago inor itxaron-zerrendan.

Gurutze Gorria, Caritas eta Jatorkin

Eguneko gainerako otorduei dagokienez, elkarrizketatutako 10 pertsonatik 8k hainbat lekutan gosaltzen edo bazkaltzen dutela adierazi dute. Era berean, %75ak kaleko afarietara joaten dela aipatu du. Elkarrizketatutako pertsonen %32ak Gurutze Gorriak emandako gosariak kontsumitzen ditu. Eguerdian, %23,7 Jatorkinera joaten da, eta, bertan, elikatzeaz gain, harremanetarako gune bat bilatzen dute. Pertsonen ia % 75ak egunero afariak jasotzera joaten dela baieztatu du, batez ere Egian eta Alde Zaharrean.