Ekialdeko Barrutiaren Plan Estrategikoaren proiektua, herritarren parte-hartzearen bila

0

Lortu nahi den barruti-ereduari buruz hausnartzea eta datozen urteetan bultzatu beharreko ekintza-ildoak adostea da helburua

Martin Ibabe Ekialdeko Barrutiko Batzordeko lehendakari eta Donostiako Udaleko Kiroletako, Herritarren Segurtasuneko eta Babes Zibileko zinegotzi ordezkariak; Kepa Korta Donostiako Estrategia Bulegoko zuzendariak; eta Jon Aguirre proiektuaz arduratzen den Paisaje Transversal enpresako arkitekto urbanistak agerraldia egin zuten atzo, ekainak 21, Tomasene kultur etxean, Ekialdeko Barrutiaren Plan Estrategikoaren proiektua aurkezteko.

Donostiako Altza, Intxaurrondo eta Bidebieta-Mirakruz auzoek osatzen duten Ekialdeko Barrutiko organoen egituraren berri eman diete bertaratuei, eta proiektuaren garapenean orain arte egindako lanak ezagutarazi. Auzotarrek, kolektiboek eta erakundeek tokiko gaietan parte hartzeko duten organo aholku-emaile gorenaren, alegia, Barrutiko Udal Batzarraren, zein Barrutiko Biltzarraren inguruko xehetasunak ere eman ditu Ibabek, eta hiru auzoetan egoitza duten elkarte sektorialen kopurua nabarmendu du, 240tik gora.

Hain zuzen ere, Barrutiko Udal Batzarra izan zen, Donostiako Estrategia Bulegoaren laguntzarekin eta auzuneen egoeraren azterketa egin ondoren, Barrutiaren hurbilketa-diagnostikoa egiteko planteamendua luzatu zuena, 2030DSS Estrategiaren esparruan. Aurtengo apirilean, Diagnostiko Lantaldeak Plan Estrategikoa egiteko proposamena aurkeztu zuen, eta ordutik, Paisaje Transversal enpresa eragile eta adituak elkarrizketatzen ari da, planaren oinarriak zehaztuko dituen informazioa biltzeko.

 

Helburuak eta faseak

Ekialdeko Barrutiaren Plan Estrategikoaren helburua, lortu nahi den barruti-ereduari buruz hausnartzea eta datozen urteetan bultzatu beharreko ekintza-ildoak adostea da. Horretarako, ezinbestekoa da etorkizunerako ikuspegi bateratua eraikitzea eta lehen fase honetan, hiru auzoen beharrak, erronkak, zailtasunak eta aukerak identifikatzea.

Plan Estrategikoari dagokionez, zailtasunei aurre egiteko tresna erabilgarri bat sortzeko beharra azpimarratu du Aguirrek. Gainera, berau ezartzeko metodologiak eta eragileen inplikazioa definitzea funtsezko alderdiak izango dira Barrutia eraldatuko duten ekintza-ildoak eta proiektuak lantzeko orduan. Kortak, bere aldetik, hiri osoaren garapenean jarri du arreta: “Donostiak 2030 Plan Estrategikoa landu du, hurrengo hamarkadarako ekintza-ildo eta proiektu nagusiak biltzen dituena. Barrutiaren kasuan, ezinbestekoa izango da auzotarrek lehen unetik parte hartzea, prozesua aberastu dezaten eta auzoaren zuzeneko ikuspegia eman dezaten”.

Analisiaren eta diagnostikoaren lehen fasea uztaila amaierara arte luzatuko da, eta Udaleko teknikariekin kontrastatu eta diagnostikoa aurkeztu ondoren, uda ostean, esparru estrategikoa, jarduerak, programak eta proiektuak zehazteko faseari ekingo zaio. Ekintza-plana eta ebaluazio-sistemak 2023aren hasieran aurkeztuko dira, proiektua garatzeko lanei amaiera emanez.

 

Parte-hartze tailerra

Ekainaren 30ean, osteguna, Barrutiko auzotarrei eta gainerako donostiarrei zuzendutako tailer parte-hartzailea egingo da Intxaurrondoko kultur etxean. Bi ordu eta erdiko saioa izango da, eta Paisaje Transversal enpresako arkitekto urbanistek zuzendutako jardueren bidez, espazioen egungo egoera aztertu eta ekintza-arlo desberdinak bistaratuko dituzte bertaratuek. Tailerrean parte hartu ahal izateko ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea inprimaki honen bidez.

Gainera, bertaratzeko aukerarik ez duten pertsonentzat, proiektuaren inguruko herritarren online inkesta aktibatu da, Barrutiaren etorkizuneko erronka nagusiei buruzko iritzia partekatu dezaten. Tailerraren zein inkestaren helburua, hain zuzen, hiru auzoen errealitateak ezagutzea eta epe labur, ertain eta luzera hobetu beharreko alderdien berri izatea da, haietan bizi diren herritarren zuzeneko testigantzen bidez. «Hausnarketa horiek eragileen ekarpenekin alderatuko dira, eta horren ostean garatuko da hasierako diagnostiko edo argazki orokorra, jarraitu beharreko norabidea definitzen lagunduko diguna», azpimarratu du Aguirrek.

Honenbestez, Altza, Bidebieta-Mirakruz eta Intxaurrondo auzoetan bizi diren donostiarrei dei egin diete tailerrean parte hartu eta herritarren online inkesta bete dezaten.

2022/06/22-an argitaratua