Sei kultur sorkuntza proiektu eta bi egonaldi gauzatuko dira Kultur Bekaren bidez

0

Inoiz baino eskaera gehiago jaso dira aurten Kultur Sorkuntza Beketan: 28. Epaimahaiak 20.000€ak sei sorkuntza proiektu eta bi sormen egonaldiren artean banatzea erabaki zuen. Atzo aurkeztu zituzten 2022ko Sorkuntza Beken baitan gauzatuko diren lanak. Bertan izan ziren sortzaileez gain Eneritz Albizu Kultura batzordeburua eta Aitor Bengoetxea Kulturazeko kidea.

Kultur Sorkuntza Beken zazpigarren edizioa abian da, eta inoizko proiektu gehiena aurkeztu ostean, irabazleak aukeratu eta lanean hasiak dira. Atzo aurkeztu zituzten aurtengo edizioko sormen prozesu irabazleak. Guztira sei sormen prozesu eta bi sormen egonaldi egingo dira. Eneritz Albizu Kulutra batzordeburak prozesuen garrantzia azpimarratu nahi izan zuen bere hitzartzean: «Oholtza eskaintza, emaitza aurkezteko lanari beti garrantzia gehiago eman izan zaio. Baina guk atzeko lanari eman nahi diogu indarra. Eta horri erantzuteko asmoz sortu ziren Sorkuntza Bekak». Lehen urtean 6.000€ko aurrekontuarekin hasi zirela gogoratu zuen, eta gaur egun 20.000€ bideratzen direla horretara azpimarratu. «Oso gustura gaude sormen beketatik lortzen diren emaitzekin. Beti egongo gara sortzaileak laguntzeko eta bultzatzeko prest». Bide horretan DInamoa azpiegitura paregabea dela gaineratu zuen: «Sormenean esperimentatzeko laborategi perfektua duzue hau, eta zuentzat irekita izango duzue». Bengoetxeak udalarekin Kulturazek duen lankidetza eta egiteko moduak jarri zituen balorean: «Bakoitzaren lanak ahalik eta ondoen uztartzen saiatzen gara. Guk egunerokoan, dakiguna egiten lagunduko dugu. Laguntzen».

 

Proiektuak, banan-banan

 

Sormen prozesuak

1. Sara Madrazo azpeitiarrak, Ehunak proiektuaren bidez, «euskal artilea hartu, naturalki haritu eta alfonbrak egiteko proiektua»  garatuko du bekaren bidez.

2. Sabrina Romero azkoitiarrak, «marrazki eta testu bidez, liburu formatuko zerbait» egitea du helburu, oraindik izenik jarri gabe duen proiektuan.

3. Julen Agirre azpeitiarrak, Malda eta bloke proiektuari jarraipena eman nahi dio bekaren bidez: «Marrazkia oinarri hartuta paisaia eta arkitekturaren inguruan esperimentatzea» izango du helburu.

4. Jone Arriolak Dena asmatua dago film laburra egingo du. «Izenik edo definizio gabeko bikote harreman batetik abiatuta, bikote harremanen inguruko hausnarketa bat egingo dut».

5. Jonathan Escapa azkoitiarrak zeramikaren inguruko proiektu artistiko pertsonala egingo du: «Azken aldian tornuarekin esperimentatzen ari naiz eta tornuaren inguruko lanketa eta esperimentazioa egiteaz gain, tailerrak ere emango ditut».

6. Jon Barquin azpeitiarrak Kriston Burrundaie proiektuaren bidez, herriko musika talde berriei elkarrizketak egin eta potcast-ak sortzea du helburu.

 

Sormen prozesuak

1. Eider Beobide eta Maria Oses itzultzaileek «munduko literatura euskarara ekarri eta musikarekin nahastutako proiektu edo ikuskizun bat» sortzeko asmoz egingo dute sormen egonaldia Azpeitian.

2- Katixa Goldarazenak, berriz, idazkeratik, ekintzatik eta marrazkitik gauzatuko du bere proiektua.