Bilboko alkateak Bilboko Merkataritzaren Foroaren lehenengo bilera zuzendu du

0

 

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak Bilboko Merkataritzaren Foroaren lehenengo bilera zuzendu du gaur. Bertan, azaldu duen bezala, 2025EKO BILBOKO MERKATARITZAREN PLAN ESTRATEGIKOAn egiten diren urrats eta aurrerapenen berri emango da sei hilerik behin. Hain zuzen ere, udalak eta sektoreko eragileek elkarrekin prestatutako ibilbide-orria da, eta sektoreak hiribilduan duen garrantzia hobetu eta indartzeko pentsatu da.

Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enpleguko zinegotzia den Xabier Ochandianorekin batera, sektoreko beste ordezkari batzuk hartu dute parte topaketan, besteak beste: Merkataritza Ganbera, Bizkaiko Merkataritzako Enpresari Konfederazioa, Bilbao Dendak, zonetako elkarteak, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia, udaleko arloak eta udal-ordezkaritza duten talde politikoak. Guztira, 50 kide baino gehiago daude, eta modu aktiboan lagundu dute Plan Estrategikoa prestatzeko orduan.

Lehenengo hitzordu honetan —estrategia berriaren aurkezpen publikoan 2021eko uztailean eratu ondoren— 2021eko aldian eta 2022ko lehenengo seihilekoan planteatutako ekintzen egikaritze-mailaren berri eman da, eta kideekin jarduketa-ildo batzuk hobetzeko elkarrizketarako aukera egokia izan da.

EKINTZAK

Gauzatzen joan diren neurrian artean daude, besteak beste, merkataritzari eragiten dioten Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean onartutako neurriak, Rodriguez Arias kalea berritzea, Abando eta Indautxu lotzeko merkataritza-pasabide berri moduan finkatzeko.

Horrez gain, hauek aipatu dira, besteak beste: Maria Diaz Haroko kalea berrituko da, zeina Kale Nagusiaren merkataritza-pasabide osagarria izango den Basurtu eta Errekalde eremuekin lotzeko; hutsik dauden lokalak berraktibatzeko Alde Zaharreko programa pilotuak zein alokatzeko eta sustatzeko planak, lokal horietan enpresa-ekimenak ezartzeko; aparkalekuen eta kontrolatzeko kameren instalazioari buruzko ordenantza berria; saltokien eta bezeroen arteko komunikazioen digitalizazioa; turismoa kudeatzeko Biotip proiektua, edo TAO zona berriak hedatzea.

LAU ARDATZAK

Alkateak Foroaren bileran gogoratu du denbora-horizontea 2025ean jarrita abiaraziko diren lan-arloko lau ardatz handitan eta 33 ekintza-ildotan egituratutako plan estrategiko bat dela. Denbora-tarte horretan, beharrezkoa izango da sektorearen egitura birmoldatu eta bultzatzea. Horri, halaber, Covid-19aren pandemiak eta Ukrainiako gerrak eragindako krisia gehitu behar zaio.

Lau ardatzak hauek dira: hiria, merkataritza-negozioen garapena, hiri-espazioaren dinamizazioa eta lankidetza publiko pribatua, kudeaketa kolaboratibo eraginkorraren oinarrizko ardatz gisa.

Hauxe gogoratu du Juan Mari Aburtok: «Planaren eta lehenengo foro honen bitartez irtenbideak aurkeztu nahi dizkizuegu, eta guztion artean egoerari aurre egin. Udala zuen alboan izan da beti, eta aurrerantzean ere hala izango da. Entzun nahi zaituztegu, eta zuengandik hurbil egon, gertu gaudela sentitu dezazuen. Ez dago formula magikorik. Asko lan egitea baino ez, beste esperientzia eta eredu batzuen berri izatea eta garai berrietara egokitzea».

Alkateak, halaber, hauxe nabarmendu du: «Esku artean dugun zeregina ez da erraza izango». Txikizkako merkataritzaren agertokia da gure abiapuntua, eta duela urte batzuk hasi zen garatzen, eta badirudi ziklo-aldaketa datorrela eta establezimendua galtzen jarraitzen dugula. Gehitu du: «Ez bakarrik Bilbon, beste hiri guztietan ere gauza bera gertatzen ari da. Hainbat arrazoi daude horretarako: kontsumo-ereduen aldaketak, online erostea esaterako, belaunaldi-aldaketarako zailtasunak, alokairuen kostuak eta baldintzak edo plataforma handien lehiakortasuna».

EROSI GURE SALTOKIETAN

2025eko Merkataritzaren Plan Estrategikoaren ekintzez gain, ostalaritzaren eta merkataritzaren sektorean premiazkoa denari aurre egiteko udalak lehenago gauzatzeko aktibatu dituen beste neurri batzuk aipatu ditu. Besteak beste, laguntza zuzenak, neurri fiskalak, terrazen plana eta BONUen plana aipatu ditu, zeinak sistema guztiz berritzaile bat izan duen, eta beste hiri askok eredu gisa ere hartu izan dute.

Sektorearen aurrean egin duen hitzaldiarekin amaitzeko, hiriko gure saltokietan erosteko premia azpimarratu du. «Hurbileko saltokietan, gure auzokoetan. Gure denden garrantzia nabarmendu behar dugu, nortasunaren, kulturaren eta gure bizi-estiloaren faktore gisa. Beti izan gara kalitate oneko saltokiz betetako hiria, eta ez dugu hori galdu nahi». Horren ildotik, gogoratu du hiriko sektorerik handiena dela jardueren kopuruari eta enplegua lortzen duten pertsonei dagokienez.

SARE SOZIALAK: