Barakaldoko Udalak pasa den urtean zendu zen Alberto Ramírez margolariaren 19 margolan jaso ditu dohaintzan

0

Barakaldoko alkateak, Amaia del Campok, margolanak aurkeztu ditu gaur goizean ‘Alberto Ramírez’ erakusketan, zeina uztailaren 22ra arte bisitatu ahalko baita Udalaren Erakusketa Aretoan.

Barakaldoko Udalak bertako margolaririk ospetsuenetako baten legatua jaso du. Alberto Ramírez, Barakaldon jaioa 1942an, pasa den urtean hil zen 79 urterekin. Barakaldoko alkateak, Amaia del Campok, dohaintzan jasotako 19 obra aurkeztu ditu gaur goizean margolariaren omenez egindako Alberto Ramírez deituriko erakusketan. Erakusketa uztailaren 22ra arte bisitatu ahalko da Udalaren Erakusketa Aretoan.

Ramírezen legatua osatzen duten 19 margolanak ez dira Udalak jabetzan dituen egile horren artelan bakarrak. Barakaldok dagoeneko artistaren 7 margolan zituen, 60. hamarkadaren amaieratik 70. hamarkadaren hasierara bitartekoak, bai eta 2001eko 3 margolan gehiago ere.

Alberto Ramírezek hainbat erakusketa egin izan ditu Barakaldon; hain zuzen ere, bera izan zen 1975ean erakusketa-gune honetan bere artelanen erakusketa bat inauguratu zuena.  Udalaren Erakusketa Aretoko inauguraziotik 30 urte igaro ostean, egilea areto berdinera itzuli zen, atzera begirako erakusketa batekin.

«Barakaldon zortea daukagu ia diziplina guztietan nabarmendu diren pertsonak dauzkagulako. Eta artea horietako bat da. Zalantzarik gabe, ohore handia da Udalak obra horiek jabetzan eduki ahal izatea eta horrela Alberto Ramírezen legatua bizirik mantentzea», adierazi du Del Campok, eskerrak emanez bilduma hori laga izanagatik.