Euskadik Frantziako Tourreko Grand Départ-en parte hartuko du Danimarkan

0

Grand Départ Pays Basque 2023ko antolakuntzako ordezkaritza bat Kopenhagera abiatu da aste honetan, uztailaren 1etik 24ra garatuko den Frantziako Tourraren 109. edizioaren hasierako egoitzara. Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia da ordezkaritza horren buru. Daniel Solana Basquetourreko zuzendaria ere bertan da. Bisitaren helburu nagusia nazioarte mailako ekitaldi hau antolatzeko beharrezkoak diren azpiegituren hedapenari eta garapenari buruzko informazioa biltzea da, 2023an Euskadi izango baita Grand Départaren egoitza. Alde horretatik, Udaltzaingo, Espazio Publiko, Babes Zibil eta Larrialdi arloetako arduradun eta ordezkariak ere bertan dira, izan ere, izaera teknikoa duen bisita da.

Ordezkaritza taldea 14:00etan Kopenhageko Bella Center biltzar-jauregian inauguratu den Tourreko Bulego Iraunkor eta Prentsa Zentroaren ekitaldi ofizialean ere izan da. Grand Départ Pays Basque 2023k stand bat du pertsona akreditatuentzako sarrera mugatua duen erabilera anitzeko esparru zabal honetan. Antolatzaileak, babesleak, kazetariak eta proban parte hartuko duten taldeak sar daitezke eraikin honetan. Standean Euskadiko Gran Départari eta garatuko diren hiru etapei zein Euskadiko turismoaren inguruko informazioa emango da.

Era berean, Kopenhagen dagoen ordezkaritza aurtengo Frantziako Tourrean parte hartuko duten taldeen aurkezpenean egongo da presente. Ekitaldi hau bihar izango da, asteazkena, ekainak 29. Uztailaren 1ean lehenengo etapa ere zuzenean jarraitu ahal izango dute.

Sare sozialak

Grand Départ Pays Basque 2023ko ordezkaritzak Kopenhagera egin duen bisitarekin batera martxan daude irteera handiaren berri emango duten sare sozialak. Datorren urtean Euskadik hartuko duen Grand Départ-aren inguruko informazioa Instagramen, Twitterren, Facebooken eta Youtuben jarraitu ahal izango da. Uztaila bukaerareko web orrialdea ere martxan izango da.

Facebook

Instagram

Youtube

Twitter