Duela urtebete jaio zen Euskadiko Adimen Artifizialaren Zentroa (BAIC) Euskadin Adimen Artifizialaren garapena gidatu eta bultzatzeko helburuarekin. Joan den maiatzean Laura Marrónek Zuzendaritza Nagusia hartu zuen bere gain, eta orain talde sustatzaileak definitutako Ekintza Plana gauzatzean zentratzen da. “Euskadin adimen artifizialean oinarritutako industria eraikitzeko beharrezkoak diren pausoak ematen eta lankidetzak ezartzen joango gara”.
BAIC hainbat enpresa eta erakunderekin harremanetan jartzen hasi da, “helburu berriak lortzeko”. Hala nola, “informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKTak) garatzen dituztenekin, sortu berri diren enpresekin, enpresa handiekin, zentro teknologikoekin edo erakunde publikoekin”. Eta horretarako hiru funtsezko elementuetan oinarritzen da: lankidetza, “teknologia hauek espezializazio-maila oso aurreratua eskatzen dutelako”; prestakuntza, “talentua sortzea, atxikitzea eta erakartzea lortuko duen sarea eraikitzeko”; eta erantzukizuna, “erreferentziako enpresek beren balio-kateko enpresa txiki eta ertainei laguntzeko”. Horrela, “adimen artifizialak eskaintzen duen jauzi kualitatiboa ematea” posible izango da.
Alde horretatik, Laura Marrónek uste du “adimen artifizialean oinarritutako hazkunde industriala lortzeko mundu fisikoa eta birtuala konbinatu behar direla, pertsonekin eta teknologiarekin enpatizatuz”.
Hauek dira BAIC sustatu duten erakundeak: CAF, Deusto Seidor, Euskaltel, Gestamp, Hupi Ibérica, Iberdrola, Inzu Group, ITP Aero, Mondragon Korporazioa, Onkologikoak, Petronor, Sener eta Versia. Sustatzaileen artean daude, baita ere, eragile zientifiko-teknologikoak eta prestakuntza zentroak, hala nola, Tecnalia, Vicomtech eta Basque Center for Applied Mathematics (BCAM). Lankidetza publikoa SPRI Taldearen eskutik dator, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren izenean.
SPRI Taldearen helburuetako bat euskal enpresen eraldaketa digitala da. Besteak beste, Basque Industry 4.0, BDIH Konexio, Zibersegurtasun Industriala, Enpresa Digitala edo Inplantalariak laguntza-programen bidez bultzatzen du.