Ostiral honetan, uztailaren 1ean, Iñigo Urkullu Lehendakariak Lehiaren Euskal Agintaritza (LEA) hartu du Gasteizen, erakundearen 10. urteurrena dela eta. Lehendakaritzan izan dira Alba Urresola presidentea, Enara Venturini eta Rafael Iturriaga Kontseiluko kideak eta Joseba Andoni Bikandi Ikerketa zuzendaria. Lehendakariarekin batera, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburua izan da.
Lehiaren Euskal Agintaritzak 10 urte betetzen ditu 2022an, eta joan den ekainaren 13an Bilbon egin zuen ekitaldi bat hori ospatzeko. Ehun lagun baino gehiago bildu ziren bertan, eta Joaquin Almunia Europako Lehia komisario ohiaren eta Daniel Innerarity Globernance Institutuko zuzendariaren hitzaldiak entzun ahal izan ziren.
Gaur Lehendakariarekin izandako bileran, balioetsi egin da Lehiaren Euskal Agintaritzak Euskadin lehia askearen printzipioak errespetatzeko betetzen duen zeregina. Urkullu lehendakariak zorionak eman nahi izan dizkio erakundeari 10 urtez betetzen ari den lanagatik, bai lehiaren defentsari dagokionez, bai haren sustapenari dagokionez.
Urresolak merkatuen funtzionamendu onaren eta erakundearen lanaren garrantzia azpimarratu du, “enpresei ez ezik, Administrazio publikoari eta kontsumitzaileei ere onurak ekartzen baitizkie”.