Eusko Jaurlaritzak 137.500 euro bideratu ditu udalek memoria demokratikoa berreskuratzeko garatutako proiektuetarako

0

Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak udalei eta gainerako toki-erakundeei zuzendutako laguntzen deialdiari.

Deialdi honen bidez (137.500 euro), Gerra Zibiletik gaur egunera arte Euskadin demokraziaren eta askatasunaren alde egindako borroka eta memoriaren tokiko ikerketako berariazko proiektuak diruz lagundu ahal izango dira. Era berean, diruz lagunduko dira memoria historikoaren ibilbideak taxutzeko, sinbologia frankista kentzeko eta proiektu horiek guztiak zabaltzeko jarduerak.

Tokiko ikerketak, originalak, bultzatu nahi dira, horien edizioa eta argitalpena diruz lagunduz, Euskadin 1936tik bizi izan diren eta giza eskubideen urraketa larriak eragin dituzten gertakari traumatikoak berreraikitzen laguntzeko: gerra Zibila, diktadura frankista, ETAren eta eskuin muturreko beste talde batzuen eta GALen terrorismoa, bai eta poliziaren legez kanpoko indarkeria ere. Lan horiek konpromisoa izan behar dute giza eskubideekin eta indarkeriarik ezarekin, bai eta Euskadiko memoria demokratikoaren balioak transmititzearekin ere.

Deialdi honetan oinarrituta, diruz lagunduko dira, halaber, Memoria Historikoaren ibilbideak taxutzeko eta garatzeko proiektuak. Proiektu horiek guztiek irudi eta seinaletika bera izango dute, eta memoria demokratikoaren balioak errespetatzen dituen diskurtsoa izango dute.

Gainera, Euskadiko memoria demokratikoa transmititzen laguntzen duten pertsonen omenezko edo gertakizunak oroitzeko jarduerak sustatzen dira, bai eta memoria hori zabaltzeko jarduerak ere, hala nola jardunaldiak, mintegiak, erakusketak eta dibulgazio-edukia sortzea web-orrietarako eta ikus-entzunezko beste euskarri batzuetarako.

Azkenik, sinbologia frankistaren aztarnak kentzeko jarduerak ere deialdi honen xede dira.