Beatriz Artolazabal sailburuak Kolonbiako Egiaren Batzordeko azken Txostena jaso du Eusko Jaurlaritzaren izenean

0
PRUEBA

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Beatriz Artolazabalek, Kolonbiako Egia Argitzeko, Bizikidetzarako eta Ez Errepikatzeko Batzordearen Azken Txostena jaso du gaur arratsaldean, Eusko Jaurlaritzaren izenean eta euskal gizarteak Kolonbiako bake prozesuari ematen dion babesa ordezkatuz. Ekitaldia, Bilboko Bizkaia Aretoan izan dena, Europa osoan aurkeztea suposatu du, eta herrialde amerikarrean bizi izan den gatazka armatu luzearen kausak, erantzukizunak eta ondorioak biltzen ditu.

Sailburuak gogorarazi du bere hitzaldian, benetako ahalegin kolektiboa izan dela, «denok ekarri baitugu gure harri-koskorra prozesu honi babestu eta laguntzeko, eta beharrezkoak izan gara, gara eta izaten jarraituko dugu».

Beatriz Artolazabalek, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordearekin, José Antonio Rodríguez Ranzekin, eta Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun zuzendariarekin, Monika Hernandorekin, batera, bere hitzaldiaren hasieran bere hitzen zentzua adierazi du: «Gure konpromisoa eskertu, aitortu eta indartu».

Carlos Martín Beristain eta Alejandro Valencia Kolonbiako Egia Argitzeko Batzordeko kideek eman diote txostena sailburuari. Artolazabalek nabarmendu du: «Euskadirentzat berezia da Kolonbia; axola zaigu Kolonbia. Min ematen digu, eta itxaropenez begiratu nahi diogu haren etorkizun berriari».

Martín Beristainek, bere aldetik, azaldu du, txostenean «gaur egun, gerra jarraitzeko eta lurraldeetan giza eskubideak urratzeko faktoreak ulertzeko analisia egiten da, ez errepikatzeko oinarriak finkatzeko eta Kolonbiako gizarteak eskatzen duen egia argitzeko zorra kitatzeko».

Egiaren Azken Txostena

Kolonbiako Egiaren Batzordeak hiru urte baino gehiago eman ditu 20 mila pertsona baino gehiagoren testigantzak eta esperientziak ikertzen, aztertzen eta egiaztatzen; horien artean zeuden biktimak, arduradunak, indar publikoaren kideak edo erbesteratuak. Dokumentuak biltzen ditu 50 urte baino gehiagoko gatazkan zehar gertatutakoari buruzko aurkikuntzak, hausnarketak eta ondorioak, bai eta gerra eta izugarrikeria historia hori errepika ez dadin gomendio sorta bat ere.

«Euskaditik saiatu gara lan horiek babesten, ahal izan den neurrian; bereziki, erbestean dauden pertsonen testigantzak biltzen. Kapitulu honetan 2048 testigantza jaso dira, eta, horietatik, 804 Europan. Minaz, sufrimenduaz, erresilientziaz, errotik kaltetutako bizitzez hitz egiten diguten testigantzak. nahitaez erbesteratu behar izan diren biktimak, aitorpen, egia, justizia erreparazio eta ez errepikatzeko eskubideak dituztenak», esan du Artolazabalek.

Txostenak, halaber, gertatutakoa zerrendatzen duten testigantzetan oinarritutako 10 ardatz jasotzen ditu. Horietatik, zenbaitek, urratuenak diren kolektiboen esperientziak jasotzen dituzte, hala nola emakumeak, LGTBI+ pertsonak, herri etnikoak edo adingabeak. Era berean, bizikidetza baketsurako oinarriak ezartzeko gomendioak ere jasotzen ditu.

Txostenak aurkezten du, horrelako mekanismoen historian lehen aldiz, gatazka armatuaren ondorioz haien bizitza defendatzeko herrialdetik irten behar izan duten herritarren esperientzia ikusezina. Atal honek azaltzen du erbestea giza eskubideen eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren urraketa gisaren esanahia, eta aurkezten ditu biktimizazio dimentsioak, kausak eta ereduak.

Ikerketa oinarritu zen dinamika parte hartzaile batean eta Batzordearen konfiantzako sareak eraikitzean. Horrela, erbesteko biktimen testigantzak biltzen joan diren hainbat herrialdetan, tartean, Euskadin.

Europan egindako lanak Hegoa Institutuaren, Kataluniako Bakerako Nazioarteko Institutuaren eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren kolaborazioa izan du, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun zuzendaritzaren bidez, zeinek Euskadiko nodoa eta Europako beste nodoen artikulazioa babestu baituen.

Beatriz Artolazabal sailburuak gogorarazi du “Euskadin hainbat hamarkadatan jasan ditugu terrorismoaren eta indarkeria politikoaren esperientzia”, eta bere hitzaldia konfiantzaz amaitu du, «bakea posible delako», baina, azpimarratu du «biktimen egian, duintasunean, aitortzan eta eskubideetan oinarritu behar da; indarkeriarik ezean eta elkarrizketan oinarrian duelarik; giza eskubide eta justizia sozialean, adiskidetzean eta elkarbizitzan oinarritutako bakea».

Batzordea babesten duten euskal eragileak

Txostenaren emate-ekitaldia babestu dute Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Hegoa Institutuak, Kolonbia Mahaiak eta Batzordeari laguntzen dion Euskadiko Nodoa.

Kolonbia Mahaia honako erakunde hauek osatzen dute: eLankidetza- Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritza, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusia, Euskadiko Nazioartekotze Agentzia, Alboan, Mugarik Gabeko Etorkinak, Mondragon Korporazioa, Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutua, Hegoa Institutua, Kolonbiako Bake prozesua Babesteko Taldeartekoa, Agirre Lehendakaria Center, LKS, Mugarik Gabe, Mundubat, Mundukide, Zehar errefuxiatuekin.

Euskadiko Nodoa askotariko erakundeek eta pertsonek osatzen dute, eta horiek bat egin dute Euskadin eratu den Kolonbian Egia Argitzeko Batzordearen mandatuari laguntzeko ahalegin kolektiboarekin.