Zortzi emakume espezialista sartu dira, 1989an sortu zenetik lehenbiziko aldiz, Ertzaintzaren Txakur Unitatean

0

Ertzaintzaren “Ertzanora” izeneko unitatea, Miren Zamakola komisarioak zuzentzen duena, indartu egingo da uztailean beste 17 agenterekin eta euren polizia-txakurrekin, txakur gidarien espezializazioko ikastaroa amaitu ondoren

Ertzaintzaren Txakur Unitatea Miren Zamakolak zuzentzen du. Gaur egun segurtasunean, lehergailuetan, drogetan, erreskatean eta su-azeleratzaileetan espezializatutako 40 agentek eta euren txakurrek osatzen dute.  Amaitu berria den azken ikastaroan beste 17 agente prestatu dira txakur gidariaren espezialitatean: 6 lehergailuen atalean, 5 drogetan, 4 erreskatean eta 2 segurtasunean. Azpimarratu behar da, sortu zenetik lehenbiziko aldiz, 8 emakume sartu direla eliteko talde honetan, eta sortu zenetik Ertzaintzaren Txakur Unitatean dauden lehenengo emakumeak dira, beraz.

“Ertzanora” 1989an sortu zen, eta Ertzaintzako lehenengo lau gidari-agenteak eta euren txakurrak segurtasunaren espezializatu ziren. Lau ertzainak Stuttgarten trebatu zituen Alemaniako Poliziak. Gero, 1991en, beste 4 lehergailuen espezialitatean prestatu ziren. 1994an beste 2k drogen espezialitatean jaso zuten prestakuntza, eta beste 2 Frantziako Jendarmeriak prestatu zituen erreskate-espezialitatean.

Ordutik, eta Txakur Unitateko atal ezberdinak finkatu direnean gidari-agente berriak eta euren polizia-txakurrak Ertzaintzako instrukzio-arloko agenteek prestatzen dituzte. Gainera, une hauetan Ertzaintzaren Txakur Unitatea beste polizia-kidego batzuen txakur-unitateetako agenteak prestatzen hasi da, besteak beste, Bilboko Udaltzaingoarenak, Esquadra Mossoenak eta Nafarroako Foru Poliziarenak.

Bilakaera eta hobekuntzak txakurren trebakuntzan

Polizia-txakurren prestakuntzari dagokionez, pixkanaka dibertsifikatzen joan da lan-eremua, eta polizia-ikerketen eta jardueren errealitate eta premia berrietara eguneratzen joan da. Gaur egun, esate baterako, lehergailuetan espezializatutako txakurrak talde yihadistek erabiltzen dituzten lehergailuak hautemateko prestatuta daude; erreskatean espezializatutakoak hondar biologikoak eta lurperatutako gorpuak bilatzeko eta hautemateko gai dira; eta drogetan espezializatutako txakurrak legez kanpoko merkatuan sartzen diren gai sorgorgarri sintetiko berriak eta nahasteko substantziak ezagutzeko prestatzen dira.

Nabarmentzekoa da, bestalde, 2020an jarri zela abian su-azeleratzaileak hautemateko espezialitatea, begi-ikuskapenetako taldeei, Polizia Zientifikoari eta Ingurumen Atalari eraikinetako, ibilgailuetako eta basoko suteetan, nahita eragindakoetan eta abarretan, laguntzeko.

Urte horretan bertan, 2020an, droga eta lehergailu espezialitateetako txakurrak su-armak bilatzeko eta aurkitzeko hasi ziren prestatzen.

1.238 esku-hartze 2021ean

Beste 17 gidari-agente berri hauekin, Ertzaintzaren Txakur Unitateak erantzun eraginkorragoa eman ahal izango die Ertzaintzaren gainerako unitateen beharrei, bai eta udaltzaingoen eta espetxeen beharrei ere, gaur egun horiekin ere lankidetzan jarduten baitute. Gainera, entrenamenduak perfekzionatuz eta agertokiak zabalduz, lanaren kalitatea hobea izaten da, eta hori parte hartzen duten jardueren kopuruan islatzen da.

Zehazki, 2021ean 1.238 jardueratan esku hartu zuen Txakur Unitateak: lehergailuen espezialitatearen kargura 636 esku hartze egin zituen, drogen espezialitatean 306, segurtasunarenean 143, erreskatean 136 eta su-azeleratzaileak hautematen 17. Adierazi behar da, drogen arloan substantzia sorgorgarri ezberdinen bost bat kilogramo aurkitu zituztela, eta merkatu beltzean ehun mila eurotik gorako balioa izango zuten.