Lehendakariak MERLIN Properties enpresak Euskadin eraikiko duen lehen datu-zentroa inauguratu du

0

Iñigo Urkullu lehendakariak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiarekin batera, Merlin Properties enpresak Euskadin eraikiko den datu-zentroaren lehen harria jartzeko ekitaldian parte hartu du.

Konpainiak energetikoki eraginkorrak diren eta ur garbiaren kontsumorik izango ez duen datu-zentroen sare bat eraikiko du Arasur, Lisboa, Madril eta Bartzelonan, Edged Energyrekin duen aliantza estrategikoaren bidez. Konpainiak proiektatutako lau datu-zentroetatik ahalmen potentzial handiena duen datu-zentroa da Arasurrekoa, Lisboan eraikiko duenarekin batera, eta gehienez 100 MW-eko edukiera izango du.

Lehendakariak baieztatu du etorkizun handiko inbertsioa dela, “Euskadin, Europako Hegoalderako “Hub digital” bat izateko anbizioa eta gaitasuna dugulako”. Hala, Euskadik lehen mailako aktibo bat duela nabarmendu du: kokapen pribilegiatua, Sopelatik iristen diren itsaspeko bi kableei esker («marea» eta «Grace Hopper»). “Horrek bermatzen digu sareko latentzia Europako baxuena izatea”, adierazi du. Gainera, proiektu hau martxan jartzeko Arasurrek digitalizaziorako ekosistema lehiakorra duela azpimarratu du.

Urkulluk adierazi duenez, Datu Zentro berri honek erakunde publikoen babesa du, eta lankidetza publiko-pribatuko eredu batetik sortu da, “eredu hori da gure herriaren lehiakortasunari ingurune global batean egin diezaiokegun ekarpenik onena”. Zailtasun eta ziurgabetasunen aurrean, Lehendakaria lankidetzan jarraitzearen alde agertu da, inbertsioaren, hazkundearen eta enpleguaren zerbitzura.

“Lehen harri horrek elkarlanetik aurrera egiteko gaitasuna sinbolizatzen du, guztion onerako: kalitatezko aukerak eta enplegua sortzea pertsona guztientzat eta, bereziki, gazteentzat”, amaitu du.

Arasurreko Datu Zentroa

Proiektuaren hasierako fasean, Arasurren, hornikuntza 3 MW-koa izango da, eta aurreikusita dago lehen eraikinaren eraikuntza 2023ko bigarren hiruhilekoan amaitzea; edukiera 22 MW-ra igoko delarik. Eraikin guztiak martxan daudenean, hornidura karga kritikoko 100 MW-ra iritsiko da hiru datu-aretotan eta administrazio-eraikin batean. Gainera, klase eramaileko zuntzezko hainbat konexio izango ditu, Europa eta Ipar Amerikaren arteko latentzia-konexio baxuena barne.

Merlin Properties-i buruz

Merlin Properties SOCIMI, S.A. (MC: MRL) Espainiako higiezinen konpainia bat da. Iberiar penintsulako merkataritza-aktiboak eskuratzen eta kudeatzen espezializatuta dago, eta bulegoetan, logistikan, merkataritza-zentroetan eta data centerretan inbertitzen du batez ere.