Donejakue Bideko geoatari bati buruzko MAL bat, saridun

0

Borja Rodríguez Fernández UPV/EHUko Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolako ikasleak Pedro R. Muro-Medrano sarien seigarren edizioa irabazi du. Deialdiak informazio geografikoko azpiegiturei lotutako teknologia eta estandar irekien garapenari eta erabilerari ekarpen handiena egiten dioten lanak ditu xede.

Borja Rodríguez Fernández Geoinformatika eta Analisi Geoespaziala Masterreko ikasleak (Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskola, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea) Pedro R. Muro-Medrano sarien seigarren edizioa irabazi du. Sariak informazio geografikoko azpiegituren eta horien euskarri diren estandar irekien arloko ikasketa amaierako lanak ditu xede.

Informazio Sistema Aurreratuen Taldeak eta Aragoiko Ingeniaritzako Ikerketa Institutuak egin dute deialdia, eta helburu du informazio geografikoko azpiegiturei lotutako teknologia eta estandar irekiekin zerikusia duten aplikazio edo ikerketa lanak sustatzea eta babestea.

Borja Rodríguezek aurkeztutako master amaierako lanak (MAL) honako izenburu hau du: ‘Donejakue Bidearen DEA geoatari baten argitalpena, hainbat erakundetatik lortutako informazio geografiko harmonizatuarekin’. Lanaren helburu nagusia da interesa duen edozein erabiltzaileri edo erakunderi Donejakue Bideari buruzko informazio geografikoa eta zerbitzuei buruzko informazioa eskuratzeko aukera ematea, Espainiako eremu geografikoaren barruan, datu espazialen azpiegitura bakar batean informazio guztia biltzen duena, erakundeen, elkarteen eta enpresen arabera banatuta.

Master amaierako lanak Donejakue Bidearen datu espazialen azpiegitura bat (DEA) sortzea proposatzen du, hainbat erakundek, entitate publikok eta enpresak eskura jarritako informazio geografikoa harmonizatzeko. Donejakue Bidea gure herrialdeko eta munduko erakargarri kultural eta turistiko garrantzitsuenetako bat da, eta, horregatik, funtsezkotzat jo da erromes eta erabiltzaile interesdunen esku jartzea bidearekin lotutako datu espazialak, web interfaze bateratu batean.

Sortutako azpiegitura hodeian dago kokatuta, eta aukera ematen du Donejakue Bidearen kartografia eta informazio geoerreferentziatua Internet bidez ikusteko eta banatzeko, software librea eta doakoa erabilita, Europako (INSPIRE) eta Espainiako (EIGAZL) legediaren arabera eta ISO/TC211 arauak ezarritako estandarrak betez.

Erakunde ofizialen informazioa

Ematen den informazio kartografikoa erakunde ofizialetatik dator nagusiki; besteak beste, Espainiako Institutu Geografikotik (IGN), Espainiako Sistema Kartografikotik (SCNE) eta Espainiako Gobernuaren Datu Irekien Ataritik. Informazio hori, baina, Donejakue Bideak Espainiako lurralde osoan dituen etapa desberdinen inguruko kilometroetako eragin eremu batean ezarritako parametroetara egokitu da.

Informazioa argitaratzeko, GeoServer mapa zerbitzaria erabili da, aukera ematen baitu Open Geospatial Consortium (OGC) erakundeak ezarritako web zerbitzuen bidez kartografia argitaratzeko eta bertara sartzeko. Datu espazialen metadatuen katalogoa prestatzeko, aldiz, Geonetwork softwarea erabili da. Horrela ziurtatzen da informazio geografikoa sare zerbitzuen bidez eskuragarri egongo dela.

DEA hau abian jarrita, aukera ematen da datuak web zerbitzuen bidez ikusteko, datu eta zerbitzu multzoak metadatuen katalogoaren bidez bilatzeko eta informazio geografiko interesgarria (opendata) deskargatzeko.

Azkenik, aplikazio multzoa geoatari batean sartua dago, datu geografikoak ulertzen eta interpretatzen errazak izateaz gain, hautatzen errazak ere izan daitezen. Horretarako, bistaratzaile interaktibo bat gehitu da, erabiltzaileek eskura jarritako kartografia geruzak eta DEAei eta Donejakue Bideari buruzko informazio gehigarria hautatzeko aukera izan dezaten.