Artolazabal-ek Muruetan nabarmentzen du «boluntariotza-eremuen aukera gazteak giro naturalean erlazionatzeko eta bizikidetzakoa»

0

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Gizarte Politiketako Sailburu Beatriz Artolazabal, Muruetako alkate Julen Karrion, Muxikako zinegotzi Ion Basterretxea eta Roke Ojanguren, Urremendi landa-garapenerako elkarteko lehendakari eta kudeatzaile Ager Lejarreta eta Aitziber Ansotegi, eta Gazteriako zuzendari Agurtzane Llano, Muruetako Auzolandegi-Gazte Boluntarioen Esparruan izan dira gaur goizean. Muxikako auzolandegian parte hartzen duten gazteak batu zaizkie.

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek, Julen Karrion alkatearekin eta Agurtzane Llano Gazteriako zuzendariarekin batera, gazte boluntarioen Muruetako Auzolandegia bisitatu du gaur goizean. Bertan, 18 urtetik beherako gazte talde bat elkarlanean ari da “La Dinamita” kargalekuaren ingurunean paisaia eta ingurumena berreskuratzen, uztailaren 4tik 18ra bitartean. Egun horretatik aurrera, abuztuaren 1era arte, 18 eta 26 urte bitarteko hainbat herrialdetako beste hogei gaztek ordezkatuko dituzte lan horretan, ingelesa oinarrizko hizkuntza gisa erabiliz.

Artolazabalek interesa erakutsi du ikustean, lehendabiziko aldiz Auzolandegien historian, 18 urtetik beherakoak ari direla parte hartzen, baita garatzen ari diren lan horretan trebatzearekin lotutako hainbat gairi buruz ere. “Garrantzitsuena da hemen ikasten dutela beste toki batzuetako gazteekin harremanak izaten, eman zaizkien zereginetan laguntzen, eta aisialdi bikain batez gozatzen. Azkenean, gizarte-zeregin bikain batean lagundu izanaren poza jasoko dute, kasu honetan ingurunea berreskuratzen” adierazi du.

Muruetako eta Muxikako auzolandegiak Eusko Jaurlaritzaren, Muruetako eta Muxikako udalen eta Urremendi landa-garapeneko elkartearen arteko lankidetzaz antolatu dira. Auzolandegian parte hartzen duen gazte taldeak Larrabe auzoan hartu du ostatu, Tejera eta Astilleroak artean, Muruetako anbulatorioa izandakoan.

Kargaleku zaharra

Murueta Busturialdeko eskualdean dago, Urdaibairen bihotzean eta UNESCOren Biosfera Erreserban, Oka ibaia ardatz duena. Bere ezaugarri nagusia mendiz inguratutako estuarioa eta jarduera natural handiko paisaia da. Udalerri horretan daude “La Dinamita” izeneko kargalekuaren instalazioak, Larrabe auzoan, eta haien balio historiko, patrimonial eta didaktikoagatik ekin zaio, faseka, berreskurapen teknikoari.

Lehenengo fase honetan, honako lan hauek egiten dira: ibaiertzeko ezponden tratamendu puntuala eta higaduraren kontrola –horretarako, prestakuntza praktikoari buruzko ikastaro txiki bat egin da bioingeniaritzan–, landarediaren tratamendua eta landare inbaditzaileak eta legez kanpoko elementu eta eraikuntzak kentzea, eta garbiketa; eraikitako elementu batzuk sendotzea eta ondare historikoa balioan jartzea.

Muxikako auzolandegian, Ibarruriko Maume auzoaren balio soziala eta historikoa berreskuratuko da. Uztailaren 4tik 18ra bitarte egin da, eta ingelesa izango da oinarrizko hizkuntza, nazioarteko auzolandegia baita. 18-26 urteko gazteek hartu ahal izango dute parte.  Hainbat mendetan, Muxikako biztanleguneak ez ezik Meseta eta kostaldea ere lotzen zituzten hainbat bide erabili izan dituzte bertako jendeak eta merkatariek. Proiektuaren helburua da antzinako bidexkak eta bideak berreskuratzea, herri handi horretako auzoak lotzeko baliagarriak izan daitezen.

Aurten, Maumeko galtzada berreskuratzea izango da jarduera nagusia, eta Olea burdinola, Goikoetxea baserria eta San Lorenzo baseliza egokitzen eta haien ondare-balioa agerian jartzen parte hartuko da. Halaber, inguruko basoetan lan egingo da, eta, horretarako, teknikarien laguntza jasoko da. Aurkitutako materialekin, erakusketa bat egiteko asmoa dago. Auzolandegi honetan, bereziki garrantzitsuak izango dira tokiko eta hurbileko produktuak, eta agerian jarriko da landa-ingurunearen balioa.

Bisitak

Gazte-boluntariotzako taldearen jarduera osagarri guztiak arratsaldeetan eta asteburuetan egiten dira. Animazio taldeak parte-hartzaile guztien eta Auzolandegia hartzen duen komunitatearen arteko harremana ahalbidetzen duten jarduerak proposatzen ditu. Gainera, jarduera ludikoak eta kulturalak egiten dira, besteak beste, kostaldera eta hirietara bisitak, kirol-jarduerak eta mendi-ibilaldiak.

Euskadiko eta beste erkidego batzuetako 200 gaztek baino gehiagok parte hartzen dute, uztailaren 4tik aurrera, udan hainbat euskal udalerritan egiten diren Auzolandegietan. Lehenengo txandak Murueta, Muxika, Alonsotegi eta Erandion egiten dira.

Beren lurraldeko Auzolandegietan geratzen diren Euskadiko gazteak 84 dira (60 adingabe) eta gainerakoek (107) beste autonomia erkidego batzuetako jardueretan parte hartzen dute. 13 adingabe Nafarroara joaten dira, eta 18 nazioarteko beste eremu batzuetara (Frantzia, Estonia, Alemania, Txekiar Errepublika eta Italia). Euskadiko Auzolandegietan 86 lagunek parte hartzen dute (nagusien esparruetan bakarrik), Estatutik eta beste herrialde batzuetatik etorritako parte-hartzaileekin batera.

Euroeskualdeko beste Auzolandegi bat ere egiten da Nafarroako Otsondo portuan, Baztanen, Akitania Berriko, Nafarroako eta Euskadiko gazteekin, sastrakak kentzen eta gerrako bunker zaharrak txukuntzen.