Udalak Donostiako herritarren ekarpenak kontutan hartuko ditu HAPOren diagnostikoan

0

Donostiako Udalak HAPOren (Hiri Antolamendurako Plan Orokorra) berrikuspenaren diagnostikoaren lehen faseko Partaidetza Txostena argitaratu du. Memoriak partaidetza-prozesu horretan parte hartu duten 1361 pertsonen ekarpenak biltzen ditu. Prozesua iragan martxoan hasi zen. Informazio-saio bat egin zen lehenengo, kontsulta publiko bat ondoren, partaidetza digitalerako hilabete ireki bat, hainbat mahai sektorial eta auzoetako bi mahai.

Udalak HAPOren Aurrerapenaren diagnostikoan herritarren ekarpenak sartuko ditu hirigintza-planaren etorkizuneko berrikuspenaren oinarri izango diren zehaztapenak, irizpide orokorrak eta alternatibak ezartzerakoan.

Auzoetako eta Partaidetza zinegotzi Mariaje Idoetak martxan jarritako dinamikek izandako harrera ona azpimarratu du. “Ez da gai erraza, baina garratzi handia dauka gure hiriaren etorkizuna definitzeko eta diseinatzeko”. Hala, Idoetak zehaztu du prozesuak parte hartzeko dinamika berriak izango dituela aurrerago, udazkenean aurrerapenak planteatuko dituen alternatibei buruzko proposamen eta planteamendu berriak jasotzeko.

Hirigintza Sostengarriko zinegotzi Nekane Arzallusek adierazi duenez, “egindako ekarpenek balio handia dute, herritarren ikuspegia biltzen dutelako, eta horrek HAPO berriaren lanketa aberasten du”. Arzallusek azaldu duenez, bai idazketa-taldeak, bai Udalak berak “herritarrek parte hartzeko prozesuetan jasotako ekarpenak sartuko dituzte eta kontutan hartuko dituzte Plan Orokorraren Aurrerapenearen dokumentua egiterakoan”.

Herritarren ulermena errazteko helburuarekin, HAPOren edukiak hamaika gai ezberdinetan egituratu dira: Lurralde eta hiri estrategia; inklusibitatea eta osasuna; jasangarritasuna eta klima aldaketa; ondarea eta euskara; turismoa; ingurune naturala; mugikortasuna; espazio publikoa; etxebizitza eta hiri-berroneratzea; jaduera ekonomikoa; ekipamenduak.

Aurrerapenaren idaztea

Donostiako HAPOa udalerriaren antolamendu integralerako oinarrizko tresna da, tresna nagusia. Indarrean dagoen hiriko HAPOa 2010ean onartu zen, eta gaur egun beharrezko berrikuspen-prozesu batean dago. Prozesu honi esker, HAPOa egungo egoera sozioekonomikoak eta indarrean dagoen planteamenduaren aldaketa ugariek eragindako errealitate berrira egokituko du.

Partaidetza-txosten hau bat dator idazketa-taldea lantzen ari den edukiarekin, plan orokor berria egiteko erabiliko diren irizpide orokorren inguruan. Plan honek arautuko du zer, non eta zenbat egin daitekeen Donostiako udal-mugartean, bai lurzoru publikoan, eta baita pribatuan ere.

Aurreikuspenen arabera, datorren urteko martxorako eginda eta onartuta egongo da Plan Orokorraren Aurrerapena. Hasierako dokumentu honek irizpide eta zehaztapen orokorrak jasoko ditu, eta HAPO berria idatziko da haren oinarrien gainean.

Erlazionatutako dokumentuak

2022/07/13-an argitaratua