Artolazabalek iragarri du Avantius kudeaketa prozesaleko sistema eta Espediente Judizial Elektronikoa irailean egongo direla martxan

0

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur jakinarazi du Avantius, Justiziaren kudeaketa prozesaleko sistema berria eta espediente judizial elektronikoa aurtengo irailetik aurrera egongo direla martxan zenbait jurisdikziotan, eta 2023an pixkanaka ezarriko direla. Notariotzaren Kontseilu Nazionalak antolatutako EHUko Udako Ikastaroaren irekiera-ekitaldian egin ditu adierazpen horiek Justizia sailburuak, Donostiako Miramar Jauregian.

“Digitalizazioa geldiezina da Justizia Administrazioarentzat, eta halaxe ageri da Euskadiko Justiziako Plan Estrategikoaren (2022-2028) eta Justizia Plan Digitalaren (2021-2026) ardatzetako bat” azalduz hasi da sailburua. Ondoren, Artolazabalek argitu duenez, “Avantius sistema berria eta espediente judizial elektronikoa indarrean egongo dira aurtengo irailean Administrazioarekiko eta Lan-arloko Auzien Jurisdikzioan, eta gainerako jurisdikzioetan datorren urtean egongo da martxan”.

Sailburuak Udako Ikastarora joan diren notarioei azaldu die Eusko Jaurlaritzaren Justizia Digitaleko Planak “ikuspegiak testualizatzeko proiektu berritzaileak eta itzultzaile neuronal judiziala” biltzen dituela, bai eta beste tresna batzuk ere, hala nola “erabaki judizialak hartzen laguntzeko sistemak”.

Puntu horretan, Artolazabalek adimen artifizialaren sarrerari eta haren gogoeta etikoei buruz hausnartu du. “Erabakiak hartzen lagun dezake, baina nekez ordezka dezake epailearen erabakia”, esan du.

Amaitzeko, sailburuak asmo-adierazpen bat egin du: “Bai justiziaren eta notariotzaren arloko teknologia berriei, baina pertsonen zerbitzura”.

Avantius prozesuko kudeaketa-sistemak hainbat eragile judizialen onarpena du, hala nola epaileena, Fiskaltzarena, Abokatuarena… Horiek aktibatzea eta Espediente Judizial Elektronikoa ezartzea aurrerapauso handia da euskal justiziatik modernitaterako bidean, eta, batez ere, euskal epaitegietako zereginaren amaieraren hasiera eta izapide judizialen arintzea.

Adituen arabera, teknologia berri horiek oso erabilgarriak izango dira irizpen telematikoetarako, bideokonferentzietarako eta, azken batean, izapide judizialen garapena errazteko, ez bakarrik profesionalentzat, baita herritarrentzat ere. Horrela, espediente digital berean jaso ahal izango da prozesu batean sortzen den informazio guztia, esparru judizialetik emandakoa eta alderdiek emandakoa edo peritu eta profesionalen txosten edo ekarpenetatik datorrena.

Notariotzaren Kontseilu Nazionalaren udako ikastaroa

Donostiako Miramar Jauregian egin da Notariotzaren Kontseilu Nazionalak antolatutako topaketa hau, eta, digitalizazioaz gain, zahartzeak eta ezintasunaren eta laguntzak eskaintzeak dakartzaten erronka sozial, ekonomiko eta juridikoei buruz hausnartzeko antolatu da.

Ildo horretatik, Beatriz Artolazabalek onartu du “zahartutako gizarte batean bizi garela, 65 urtetik gorako euskal biztanleen %22,5arekin”, eta, beraz, “demografia-piramidea aldatzea” erronka bat dela: “hazkunde ekonomikoa, lan-merkatua, pentsioak, osasun-laguntza, familien antolaketa…”.

Puntu honetan, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak azpimarratu nahi izan du “bizitza-luzerak arrakasta soziala ere badakar”, eta Zahartze Aktiborako Euskal Estrategia aipatu du, adinari, aurreiritziei eta adinaren aldeko jarrera diskriminatzaileei aurre egiten diena, eta zainketa-politika autonomia sustatzera bultzatzen duena.