Atzo arratsean aurkeztu zuten aurtengo Baserritarren Eguna. 10 egunen faltan, prest dute ia guztia antolatzaileek eta atzokoan, hainbat berrikuntzen berri ere eman zuten Mikel Odriozola Azpeitiko Festa batzordeburuak, Xebastian Lizaso Urola bailarako sagardozaleen lagunakeko kideak eta Olatz Mitxelena Gizpuzkoako Sagardogileen Elkarteko kideak.
«Bi urteko hutsunearen ostean, gogoz hartuko dugu berriro Santio Eguna Azpeitian. Aurtengoan, egun handia izango da, edo egun handia egingo dugu uztailaren 25a. Egun berezia da azpeitiarrontzat baserritarren eguna. Tradio handikoa eta oso maitatua eta kuttuna azpeitiar eta inguruko askoren artean» adierazi zuen Odriozolak. Azpeitiko plaza «jendez gainezka» izatea «ederra» izaten dela gaineratu zuen: «Eta geure geureak diren ganadu, gazte eta Sagardoaren bueltan lagun artean herritarrak elkartzen ikustea». Antolaketa lanetan ibiltzen diren herritarrak ere eskertu nahi izan zituen egiten duten lan guztiagatik.
48. Sagardo Eguna izango da aurtengoa Lizasok zehaztu zuenez eta 23 sagardogilek 3.300 botila inguru banatzea aurreikusten dute. Aurten, bi sagardogile berri izango dira: Itxasburu eta Eula. Jatek, berriz, ohi bezala txekor, hegaluze eta gazta pintxoak izango dira salgai. Azken urteotan bezala, aurtengoan ere saagardo lehiaketako epaimahaia osatzeko emakumeak animatzeko ahalegina azpimarratu nahi izan du: «Urteak daramatzagu epaimahaikide izateko emakumeak animatu nahian. Aurten kata antolatu dugu eta ea hortik norbait animatzen den».
Mitxelenak, aurtengo berrikuntza nagusia azaldu zuen. Sagardoa basoan edo kopan edateko aukera izango dute herritarrek. Epaimahaiak kopatik edango du: «Sagardo sektorearen posizionamenduaren baitan, eta beste balore batzuk sustatu nahian eman genuen sagardoa kopan edateko saltoa, duela urte batzuk». Basoan, trago azkarra izaten omen da, kopan, berriz, patxadatsuago edaten omen da. «Azpeitian, pauso hori antolatzaileekin batera eman dugu. Hemen harreman oso onak ditugu eta ulermenetik aldaketak egitea erraza izaten da», gaineratu zuen.
Xehetasunak
Sagardo lehiaketan 23 sagardozalek hartuko dute parte; aurten, bi berri izango dira. Gazta txapelketari dagokionez, 28 gaztazale izango dira uztailaren 25ean Azpeitian eta Euskadiko Blonda Txapelketan 6 ganadutegitako 68 buru izango dira lehian.
Txekor, hegaluze eta gazta pintxoak 2€an eskuratu ahal izango dira eta sagardo basoa edo kopa 4€ ordaindu beharko da. Edalontzia izanda, nahi adina edateko aukera izango da, gastatu bitartean.
Egitaraua
10:00etatik-14:00etara
37. CESAR VALVERDE TXAPELKETAKO FINALAK Izarraitz pilotalekuan.
10:30etan
GOIZ ERESIA, Azpeitiko Banda eta Izarraitzeko txistularien eskutik
Ordu Berean:
NAFARROAKO BANDERARI OMENALDIA.Perez Arregi plazan.
Ondoren, kalejira erdi kaletik Plaza nagusira
Bukatzeko bertsoak, kantak eta ohorezko dantza plazan nagusian. Antolatzailea: Urolako Napar Zuzterrak.
11:00etan
EUSKADIKO XXV BLONDA TXAPELKETA
XXII GAZTA LEHIAKETA Idiazabal jatorri deituraren barne dagoen artzain gaztak ahal izango du parte hartu.
12:00etan
48. SAGARDO LEHIAKETA, Plaza nagusian
13:00etan
KANTUJIRAK HAZPARNEKOEN laguntzarekin saioa, Sanagustin kulturgune kanpotik abiatuta.
18:00etan
ERREKORTARIA TXAPELKETA NAGUSIA Zezen Plazan.
18:30etatik 22:00etara
JAINEKEN TXARANGAREKIN musika alaia, Landeta auzotik abiatuta eta ondoren kaleetan zehar.
19:00etan
ZIRKOTEKE ZIRKU IKUSKIZUNA Balentina Agirre plazan.
20:00etan
KALAKAN TALDEAREN IKUSKIZUNA Perez Arregi plazan