Donostiako Udal gobernuak proposatu du udal zerga eta tasa gehienak bere horretan mantentzea

0

Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du 2023rako udal zerga-arauen gaineko proposamena. Donostiako alkate Eneko Goiak azaldu du, udal zerga eta tasa gehienak bere horretan mantenduko dituztela, eta helburua dela ekonomia suspertzen jarraitzea.

Donostiako alkateak eta Ogasun eta Finantzetako zinegotzi Kerman Orbegozok agerraldia egin dute Tokiko Gobernu Batzordearen ostean, eta bertan, udal gobernuak udal taldeei aurkeztuko dieten proposamenaren berri eman dute.

Goiak honakoa esan du: “zerga arloan aurreikusitako aldaketak urte amaierarako aurreikusitako KPIa eta BPGa baino txikiagoak izango dira. Eta aldaketen helburua da diru-sarreren maila mantentzea udal zerbitzu publikoak emateagatik sortzen diren gastuei aurre egiteko”.

Zehatzago azalduta, Udalak egindako proposamenarekin 1,15 milioi euro gehiagoko diru-sarrerak izatea aurreikusten du, eta horri esker, Udalak duen egoera finantzieroa mantendu ahal izango du.

Aldaketak

Ogasun eta finantzetako zinegotzi Kerman Orbegozok segidakoa gaineratu du: “Udalak dituen bost zergetatik bat aldatuko dugu, eta 21 tasetatik lau. Eta aldatuko diren zerga zein tasak %1,5 handituko dira”.

Garabiaren zerbitzua, TAO zerbitzua eta hiri-hondakinen bilketa zerbitzuaren – tasa hau hurrengo astean onartuko da gai teknikoak direla-eta – gaineko tasak handitzeko arrazoia honakoa da: zerbitzu horien defizitari aurre egitea.

Ondasun Higiezinen Gaineko zergaren aldaketari buruz, Orbegozok azpimarratu du, aldaketak bakarrik zergaren tipoari eragingo diola. Izan ere, udal gobernuak ez du proposatu etxebizitza hutsei ezartzen zaien gainkargua – egun zergaren %100 da – aldatzea, ezta aurreikusita dauden salbuespenak ere.

OTAren araudia

Halaber, Ibilgailuak udal bide publikoetan aparkatzeko tasa (TAO) aldatzearekin batera, Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du TAO zerbitzuaren araudia aldatzea araututako aparkatze-sistema Loiola, Melodi eta Heriz-Aizkorri (Avanco) eremuetara zabaltzeko.

Helburua da, zerga-araua eta araudia aldi berean tramitatzea 2023ko urtarrilaren 1ean indarrean sartzeko.

Egutegia

Behin Tokiko Gobernu Batzordeak proposamena onartuta, udal taldeei aurkeztuko zaie eta taldeek 10 egun izango dituzte zuzenketak edota arau proposamenak egiteko. Jarraian, irailaren lehenengo astean jardunaldi irekia egingo da hiritarrei proiektua azaltzeko. Ondoren, irailaren bigarrengo astean Ogasun batzordean eztabaidatu eta onartuko dira zuzenketak eta arau proposamenak. Eta azkenik, irailaren azkeneko asteko udalbatzan proiektuari hasierako onarpena emango zaio, eta beharko balitz, behin betiko onarpena abenduan egingo litzateke.

2022/07/19-an argitaratua