Euskadin 16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia-tasa % 15etik behera egonkortu da

0
PRUEBA

2022ko bigarren hiruhilekoan, 16 eta 29 urte bitarteko Euskadiko gazteen langabezia-tasa % 14,8koa da.

Tasak beheranzko joerari eutsi dio 2020ko hirugarren hiruhilekotik hona; orduan % 23,9 zen eta orain % 14,8, beraz, % 15etik behera dago eta, horrela, Eusko Jaurlaritzaren Gazte Planean ezarritako helburua betetzen du.

Aurkeztutako datuak Biztanleriaren Jardueraren Arabera (BJA) sailkatzeko inkestaren emaitzak dira, 2022ko bigarren hiruhilekoari dagozkionak, hain zuzen ere. BJA Eustatek, Euskal Estatistika Erakundeak, hiru hilean behin lantzen du eta Gazteen Euskal Behatokiari 16 eta 29 urte bitarteko gazteen datuak helarazten dizkio, azken honek gazteen egoera aztertu ahal izateko.

Langabezia-tasak zera adierazten du: enplegurik ez duten baina lana aktiboki bilatzen ari diren eta azken lau asteetan lana bilatzeko gestioren bat egiten duten pertsona aktiboen ehunekoa. Bertan ez dira sartzen lan bila ez dabiltzan ikasleak edo lan egin ezin duten ezgaituak.

2020ko lehen hiruhilekotik hona hiruhilekoko langabezia-tasa aztertuz gero, ikusiko dugu urte bereko hirugarren hiruhilekoan izan zela tasarik handiena (% 23,9). Hortik aurrera, tasak behera egin du pixkanaka, 2022ko lehen hiruhilekoko % 14,6ra eta bigarren hiruhileko honetako % 14,8ra iritsi arte.

2020ko, 2021eko eta 2022ko bigarren hiruhilekoko langabezia-tasak sexuka aztertzen baditugu, ikusiko dugu jaitsiera oso handia izan dela bai gizon gazteen bai emakume gazteen kasuetan.

2020ko bigarren hiruhilekoan, 16-29 urteko gizonen langabezia-tasa % 24,8koa zen, eta % 14,1era jaitsi da 2022ko bigarren hiruhilekoan. Emakumeen artean, jaitsiera ez da hain handia izan, baina bai garrantzitsua, bigarren hiruhilekoko langabezia-tasa 2020ko % 20,2tik 2022ko % 15,8ra igaro baita.

Euskadiko 16-29 urteko gazteen langabezia-tasaren bilakaera 2020ko bigarren hiruhilekotik 2022ko bigarren hiruhilekora, sexuaren arabera (%)