Gobernu Kontseiluak agindu bat onartu du gaur, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, Irale programan irakasle liberatuak dituzten ikastetxe pribatuentzako 2022ko laguntzen deialdia argitaratzeko.
1.443.000 euroko zenbateko globala duten diru-laguntza horiek, euskara ikasteko liberatutako irakasleak ordezkatzearen ondoriozko gastuak diruz laguntzea dute helburu. Plazaren jabeak eta ordezko irakasleak titulazio berdina izango dute, edo bateragarria.
Honako hauek parte hartu ahal izango dute deialdi honetan, 2022. urtean (urtarrila-ekaina, iraila-abendua) irakastordu barneko ikastaroetarako Hezkuntza Administrazioak liberazioak ematerakoan irakasle bat edo gehiago onartu zaizkien ikastetxe pribatuek.
Hezkuntza Sailak laurogeikoen hamarkadan ekin zion irakasleak euskaldundu edo alfabetatzeko lanari. Irakasleak hizkuntzetan gaitzeko IRALE programak, beraz, hiru hamarkada baino gehiagoko ibilbidea egin du dagoeneko. Guztira 80 irakasletik gora ari da bertan, bost irakastegitan (Bilbon bi eta Donostian, Gasteizen eta Eibarren bana), eta kanpo-euskaltegien laguntzaz osatzen du bere eskaintza.
Urteek aurrera egin ahala hezkuntza-sisteman irakasleen hizkuntza-gaitasunean izan den aldaketa tipologikoak behar berriak sortu ditu, hasierakoekin alderatuta erabat desberdinak. Horregatik, IRALEK egun eusten dio oraindik ere irakasleak euskalduntzeko helburuari, baina haien hizkuntza gaitasuna sendotzeak hartzen du programaren zatirik handiena, izan sare publikoko zein itunpeko ikastetxeetako irakasleak. Horrekin batera, irakasleak hizkuntzaren didaktikan eta metodologietan gaitzeaz eta hauei prestakuntza sozio-kulturala emateaz ere arduratzen da. Era berean, euskarazko ikasmaterialen hizkuntza-kalitatea bermatzeko lanetan ere parte hartzen du, materialak edukiz, moldaera teknikoz eta hizkuntza-trataeraz egokiak izan daitezen bermatzeko.