Garraio Sailak Topoaren Anoetako geltokiaren atari berriaren eraikuntza lanak lizitatu ditu

0

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Garraio Sailaren esku dagoen ETSren kontratazio-mahaiak, Anoetako geltokia osorik eraberritzeko obrak lizitatu ditu gaur; besteak beste, lurrazalean bigarren atari bat eraikitzea, nasak luzatzea eta Aita Donostia plazako trenbideak berrantolatzea. Kalkulatutako gehieneko aurrekontua 12,3 milioi eurokoa da, eta epea ezingo da 30 hilabetetik gorakoa izan.

Anoeta Topoaren bigarren geltokia da, erabiltzaileei dagokienez, 2.000.000 balioztatze baino gehiagorekin 2019an. Lugaritz eta Easo arteko trenbide saihesbidea martxan jarri ondoren, Bentaberrin eta Erdialdea-Kontxan bi geltoki berri eraikitzea barne, kalkulatzen da ustiapen-eredu berriak arian-arian handituko duela joan-etorrien kopurua. Horregatik guztiagatik, jarduketa horren helburu nagusia Anoetako terminala Hendaia eta Zumaia artean ezarriko den zerbitzu-eskaintzara egokitzea da, geltokia birgaituz, segurtasuna, irisgarritasuna, erosotasuna eta energia-eraginkortasuna hobetzeko.

Gaur egungo ataria laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran eraiki zen, estadioarekin batera, eta gaur egun ez da nahikoa eskariari erantzuteko, ekitaldi handiak dauden egunetan batez ere. Horregatik, Hendaia aldean igogailuak izango dituen sarbide berri bat eraikiko da, egungo ataria osorik eraberrituko da, instalazioak eguneratuko dira, argiztapena teknologia eraginkorragoetara egokituko da, nasetako estaldurak eta altzariak berrituko dira, eta gauza bera egingo da geltokiaren kanpoko inguruarekin.

Reale Arena elementu indartsua eta erakargarria denez, Garraio Sailak estadioa handitzeko proiektuaren egilea den arkitektura-estudioaren laguntza izan du ingurunearekin integratutako geltokiaren irudia definitzeko.

Horrela, sarrerako atariek hasierako eremuetan hegalean luzatzen diren beirazko fatxadak eta hormigoizko estalkiak dituzte, erabiltzaileak babesteko. Kanpoko estaldurak harriaren antzeko itxura duten formatu handiko baldosak dira, baina erabat birziklagarriak eta ekintza bandalikoen aurkakoak, Garraio Sailak ekonomia zirkularra sustatzeko eta mantentze-kostuak murrizteko duen interesari erantzunez.

Obra konplexua da, Aita Donostia plazako ibilgailuen trafikoarekin, Reale Arenak hartzen dituen kirol-ekitaldiekin edo bestelakoekin eta Topoaren zerbitzu erregularrarekin uztartu beharko baita. Horregatik guztiagatik, diseinatu den eta koordinazio egokia eskatzen duen laneko plana, aldez aurretik adostu da Donostiako Udalarekin, Ertzaintzarekin eta Euskotren operadorearekin.

Estadioaren aurreko oinezkoen azalera kontserbatzea izan da ardura nagusietako bat. Horregatik, sarbide berriak azaleran duen okupazioa konpentsatu egiten da, ibilgailuen trafikoari lekua kenduz, Urumeako saihesbidea martxan jartzeak inguruan eragin duen trafikoaren murrizketa aprobetxatuz. Ondorioz, lanak Aita Donostia biribilgunea inguratzen duen bide-sare osoa eraberrituz hasiko dira, erreiak murriztuz, bidegorria berrantolatuz eta oinezkoentzako lekua irabaziz. Garraio publikoa sustatzeko neurri gehigarri gisa, 17. eta 28. lineen geralekua lekuz aldatuko da, Ospitaleak-Miramongo igoeran tren-bus intermodala ahalbidetuz.

Bide-berrantolaketaren ondoren, nasetarako sarbide berriko pantailak (hormak) egin aurretik, eragina jasango duten zerbitzuak desbideratu egingo dira, hau da, zorupean egon daitezkeen hornidura elektrikoen, telefonikoen edo uren hodiak. Estaldurako lauza eraiki ondoren, tunel zaharreko pantailak gauez eraitsiko dira, trenbideko zirkulazioa ez eteteko. Espazioa erabat gaituta dagoenean, nasetara sartzeko eskailera eta kristalezko edikulua eraikitzen hasi ahal izango da.

Lan horiek amaitu eta sarbide berria martxan jarri ondoren, obra-eremua Anoetako geltokiko sarrera zaharrera lekualdatuko da. Sarrera hori eraitsi egingo da, eta, horren ordez, atari berriaren antzeko egitura bat jarriko da, inguruari koherentzia arkitektonikoa emateko.

Aldi berean, nasen eremua luzatzeaz gain, tonu argiagoekin estali eta argiztapena hobetuko da, segurtasun- eta garbitasun-sentsazio handiagoa transmititzeko.