Euskadik tximinoaren baztanga 85 kasu detektatu ditu

0

Euskadin, guztira, 85 infekzio-kasu identifikatu dira tximino-baztanga edo “monkeypox” ere deitutakoaren ondorioz. 83 gizon eta bi emakume dira, 59 Bizkaikoak, 19 Gipuzkoakoak eta 7 Arabakoak, eta guztiek sintoma kliniko arinak izan dituzte; guztei agindu zaie etxean isolatzeko eta Osakidetza jarraipen anbulatorioa egiten ari zaie.

Detektatutako lehenengo kasuak Euskaditik kanpo aurkitutako agerraldiekin lotuta zeuden, baina, aurrekoetan gertatu zen bezala, baieztatutako kasu berriek ez dute lotura epidemiologikorik Euskaditik kanpoko beste kasu batzuekin eta aurreko kasuen kontaktuak dira, edo azken aste hauetan identifikatutako kasuak.

Tximino-baztanga oso gutxitan agertzen den gaixotasuna da. Normalean sukarra, mialgiak, adenopatiak (hantura gongoiletan) eta erupzioa eskuetan eta aurpegian agertzen dira, barizelaren antzera.

Alerta sortu zenetik, Euskadik Alerta eta Larrialdi Sanitarioak Koordinatzeko Zentroarekin (CCAES) koordinatuta lan egiten jarraitu du, halakorik izanez gero beste kasu susmagarri batzuk aztertzeko.

Alde horretatik, Osasun Sailak herritarrei infekzio hori prebenitzeko deia egiten jarraitu nahi du eta, hortaz, azalpen-atal bat garatu du webgunean, informazio pedagogikoa eta kontaktuek edo gaixotasunarekin kutsatutakoek jarraitu beharreko jarraibideak biltzen dituena. Bestetik, atal horretan infografia bat sortu da, ondokoak azaltzen dituena: Monkeypox zer den, pertsonen artean nola transmititzen den, kutsatuz gero edo kutsatuta dagoen baten kontaktu estua izanez gero bete beharreko jarraibideak, eta gaixotasuna garatuz gero zaindu beharreko sintomak, eta zer egin eta nola jokatu.

 

Orain arte egin den bezala, Osasun Sailak gaixotasun honen inguruko berri garrantzitsuak ezagutzera emango ditu.