Eretzak bere jarduna etxebizitzaren premia berriei egokituko du

0

Eretzako Batzar Nagusiaren kide guztiek xede soziala handitzea onetsi zuen atzo, aho batez, bere presidente Juan Antonio Pizarrok hala eskatuta. Ekimen horren helburua Barakaldoko hirigintza kudeaketako sozietatearen jarduna etxebizitzaren premia berriei egokitzea da.

«Estatutuetako aldaketa horiek Eretzaren bilakaera bultzatzen dute. Argi genuen erakundea berritu behar genuela, sortu berri diren etxebizitza premiei arreta emateko erakundearen jarduna egokituta, Barakaldoko herritarrei ahalik eta zerbitzurik onena eman ahal izateko», adierazi du Etxebizitza, Plangintza eta Hirigintza Kudeaketako zinegotzi ere baden Pizarrok.

Asko dira Eretzaren xede sozialeko berrikuntzak. Alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2003 Legearen arabera, babes publikoko etxebizitzen tipologia askotara hedatuko da eraikinen sustapena, eta terminoa modu orokorragoan eta zabalagoan aipatuko da, arauaren beste etxebizitza tipologia jasotzeko, «Tokiko babeseko etxebizitza» terminoaren ordez.

Era berean, errentamendu kontzeptuari antzeko kontzeptu bat gehitu zaio, sozietatearen jabetzakoak diren higiezinak lagatzea, adibidez.

«Udalaren lankidetzari buruzko beste xede sozial batzuk gaineratu dira ere, hala nola Eretzak eraberritzeko obrak eta proiektuak baloratzeko laguntza teknikoa emateko, xede sozialari lotutako administrazio prozeduraren informazioa eratzeko edo babestutako etxebizitzak sustatzeko eta esleitzeko, etxebizitzaren arloko beste jarduketa batzuez gain», adierazi du Juan Antonio Pizarrok.

Azken hori lotuta dago Eretzak dagoeneko gazteentzako alokairurako eta eraikinak eraberritzeko laguntzei dagokienez egiten duen kudeaketarekin. Laguntza horiek bultzatzen ari dira, gero eta biztanle gehiagori heltzeko.

«Eretzak oinarrizko eginkizuna izan du urteetan zehar, eta oraindik ere badu, Barakaldoko hirigintza eta gizarte bilakaerari dagokionez, baina etxebizitzari lotutako beste premia batzuei ere arreta eman die. Bereziki, jarduketa ildo horretan egin nahi ditugu Estatutuetako aldaketak», ondorioztatu du Pizarrok.