Aste Nagusian Marijaiarekin egongo diren bi emakumeak aurkeztu dituzte

0

Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Jai Zinegotziak, Bilboko Konpartsetako ordezkariekin batera, prentsaurrekoan aurkeztu ditu gaur goizean Aste Nagusian Marijaiarekin egongo diren bi emakumeak, Itziar Lazkano Setien Pregoilaria eta Iratxe Palacios Gana Txupinera. Aktorea eta Tintigorriko konpartsera, hurrenez hurren, hiriko enbaxadoreen eta Bilboko Aste Nagusiaren historiaren parte dira jada.

Abuztuaren 20tik 28ra bitartean Bizkaiko hiriburuan ospatuko den Aste Nagusiaren hasierarako hamabost egun falta direnean, zinegotziak iritziak partekatzeko aprobetxatu du unea. Urtasunek bere zorionik beroenak helarazi dizkie, “esperientzia bikaina biziko duzue eta orain arte gozatutako moduaren oso desberdina izango den moduan gozatuko duzue festaz. Ez dizuegu minutu bateko lasaitasunik emango”.

Modu berean, eskerrak eman ditu 2022ko Aste Nagusian parte hartzeko prest egoteagatik, “modu pertsonalean eskerrak eman gura dizkizuet abentura handi hau onartu duzuelako, 9 egunez pertsonaia publiko bilakatzeko eta bilbotar guztiak ordezkatzeko zuen bizitza pertsonala alboratu duzuelako. Aitortu behar dut atsegin handia ematen didala berriro ere gure Aste Nagusiak bere emakume aurpegia sendotzeak”.

Itziar Lazkano Setien aukeratu du Bilboko Udaleko Jai Batzorde Mistoak abuztuaren 20an, larunbatean, Arriaga Antzokiko balkoitik 2022ko Aste Nagusiari hasiera emango dion pregoia botatzeko. Aktore eta zuzendari ezaguna Bilbotar Ospetsua ere bada, eta bere ibilbidearengatik eta kultura eta arte eszenikoak Bilbon eta Bilbotik zabaltzeko egindako ekarpenarengatik aukeratu dute pregoilari.

1957an Portugaleten jaioa, antzerkian ondutako artista da, Estatu osoan zehar ibili da bere ikuskizunekin, eta hainbat sari jaso ditu, bai aktore, bai zuzendari gisa.

Bestalde, Bilboko Konpartsek Deustuko Tintigorri konpartsako Iratxe Palacios Gana izendatu dute 2022ko Aste Nagusiko Txupinera. Aurten, zozketa bidez, Konpartsa horri egokitu zaio Txupinera izendatzea.

1986an jaio zen Bilbon, eta Txurdinagan bizi da. Iratxe administrari eta zerbitzari lanetan aritzen da. Animaliak, katuak, aire zabala eta, batez ere, mendia maite ditu. Bere zaletasunen artean, zineman edo telebistan figurante gisa agertzea dago.

Aurkezpenean, Itziar Lazkanok eta Iratxe Palaciosek, lehen aldiz jantzi dituzte jai guztietan zehar erabiliko dituzten Pregoilari (jaka horia eta bikornio beltza) eta Txupinera (jaka eta txapel gorria) jantzi tradizionalak.