Bizkaiko Aldundiak BizkaiBizi bizikleta publikoko zerbitzua kontratatzeko oinarriak onartu ditu

0

Bizkaiko Foru Aldundiak BizkaiBizi Bizkaiko Bizikleta Publikoaren Zerbitzua ezarri, mantendu eta kudeatzeko zerbitzua kontratatzeko oinarriak onartu ditu, 2022ko otsailaren 25ean Barakaldo, Berango, Bilbo, Erandio, Getxo, Leioa, Portugalete, Santurtzi eta Sestaoko udalekin lankidetza-hitzarmena sinatu ondoren.

Zerbitzuak emateko kontratuak 7.378.333,33 €-ko oinarrizko lizitazio-aurrekontua du (BEZa barne), eta 2026ko abenduaren 31ra arte iraungo du. Hitzarmena sinatu duten bederatzi udalek proiektuaren % 70 finantzatuko dute, eta Bizkaiko Foru Aldundiak gainerako % 30a.

Kontratazioaren oinarri den dokumentazioa egiteko  hurbilen ditugun esperientziak hartu dira kontuan, hala nola Bilbokoa eta Getxokoa, baita metropoli-eremuan BizkaiBizi proiektuaren antzekoak diren beste esperientzia batzuk ere.

Esleipen-irizpideetan eskaintza ekonomikoak puntuazio osoaren % 40ko garrantzia du. Gainerako puntuazioa besteak beste honako faktore hauek kontuan hartuta emango da: osagaien kalitatea, zerbitzua ezartzeko epea hobetzea, kargalekuen eta bizikleten kopurua handitzea, bizikleten eta kargalekuen ezaugarri teknikoak, bandalismoaren aurkako segurtasun-mekanismo aurreratuak eta zerbitzua kudeatzeko eta mantentzeko sistema.

Bizikleten mantentze- eta konponketa-arloko pertsonei dagokienez, bereziki baloratuko dira prestakuntza-zentroekin egindako akordioak, baldin eta bizikleten mantentzearekin eta muntaketarekin lotuta prestakuntza-programa ziurtatuak eta ziurtagarriak eskaintzen badituzte.  Akordio horiek  espezializazio-programen, birziklatze-ikastaroen edo prestakuntza-ziklo egokituen bidez gara  daitezke. Era berean, prestakuntza-edukiak irakurketa errazera egokitzea baloratuko da, adimen-desgaitasuna duten pertsonentzat eskuragarri egon daitezen.

Zerbitzuak izango dituen 20 adierazlera arteko sistema bati esker kontratuaren garapena kontrolatu ahal izango da eta zerbitzua etengabe hobetzen dela bermatzeko beharrezko neurriak hartu ahal izango dira.

BizkaiBizik gutxienez 600 bizikleta eta 80 estazio osorekin hasiko du zerbitzua, hau da, ainguratze eta kargatze elektrikoko puntuekin.

Bilboko metropoli-eremu osoa hartzen duen zerbitzua denez bizikletak udalerri beraren barruan edo hainbat udalerriren artean joan-etorriak egiteko erabili ahal izango dira. Miguel Ángel Gómez Viarrek, Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko diputatuak gogorarazi duenez, «Bizikleta Bizkaiko garraio publikoaren sistema berri bihurtzea da helburua, dagoeneko abian dauden sistemekin bat egingo duena eta horiekiko osagarria izango dena».

Lehen fase honetan BizKaiBizi sistema hedatuko den bederatzi udalerriek 700.000 biztanle baino gehiago dituzte, eta horrelako zerbitzu bat abian jartzeko eta probatzeko behar den masa kritikoa eskaintzen dute.

Kontratazioan, halaber, estazio birtualak egoteko aukera aurreikusten da, non ainguratze fisikorik instalatu beharrik gabe bizikletak blokeatu ahal izango diren. Horri esker, adibidez, noizean behin antolatutako kultura- edo kirol-ekitaldiei zerbitzua eman ahal izango zaie, edo gune jakin bateko zerbitzuaren eskaria egiaztatzeko aukera egongo da estazio geltoki osoak instalatzeko behar diren obrak egin aurretik.

Zerbitzuaren premiei esker bizikleta-kopurua handitu ahal izango da, Sektore Publikoko Kontratuen Legeak ezarritako mugetaraino.

Proposamenak aurkezteko epea 45 egun naturalekoa izango da, EBAOra (Europar Batasunaren Egunkari Ofiziala) bidaltzen denetik zenbatzen hasita.

Gómez Viarrek nabarmendu duenez, «BizkaiBizi zerbitzua kontratatzeko oinarriak onartuta  urrats garrantzitsua eman dugu Bizkaian eta, bereziki, bere metropoli-eremuan, bizikleta bidezko mugikortasuna sustatzeko helburu estrategikoan».

Beste alde batetik joan den ekainaren 15ean Administrazioen Arteko Jarraipen eta Kontrol Batzordea eratu zen, Hitzarmenaren xedea behar bezala betetzera bideratutako ekintzak koordinatzeko eta lankidetzan aritzeko tresna izango dena.