Donostia Zinemaldia 2022: Claude Sauteti eskainitako atzerabegirakoa

0

Donostia Zinemaldiko 70. edizioko atzerabegirakoan, Claude Sautet zinemagile frantziarrak 1956tik 1995ra zuzendutako hamahiru film luze erakutsiko dituzte. Zikloa Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean antolatzen da, eta Conversaciones con Claude Sautet liburuarekin osatuko da aurten, Michel Boujutek zuzendariarekin egindako elkarrizketen liburukiaren gaztelaniarako itzulpenarekin, hain justu.

Obra Institut Lumière / Actes Sud argitaletxeak argitaratu zuen 1994an jatorriz, eta 2014an, berriz, behin betiko argitaraldia plazaratu zuen. Liburuak Cannesko zinema-jaialdiaren eta Institut Lumière erakundearen zuzendari Thierry Fremauxen eta Daniel Auteuil aktorearen hitzaurreak ditu, eta epilogoak Bertrand Tavernier zinemagileak idatzi zuen. Quim Casas kritikari eta Donostia Zinemaldiko hautaketa-batzordeko kideak idatzitako testu bat ere gehitu da, Sauteten irudia nola Espainiako testuinguruan hala Zinemaldikoan ipintzen duena.

Atzerabegirakoaren kartela Claude Sauteti Garçon! (1983) filmaren errodaje-platoan ateratako argazki baten oinarrituta diseinatu du Dimensión taldeak.

ZINEMAGILE BAT BIDEGURUTZEAN

Romy Schneider, Michel Piccoli edo Emmanuelle Béart antzezleekin egindako kolaborazioengatik ezaguna da Claude Sautet, eta nolabaiteko bidegurutze batean kokatu zen zinema frantziarraren historian: ez zen gerraosteko errealizadoreen belaunaldikoa, ez eta Nouvelle Vaguekoa ere. Montrougen jaio zen 1924an eta Parisen hil, 2000n. 1950ean hasi zen zinemaren industrian, zuzendari-laguntzaile gisa, eta André Cerfek, Edouard Molinarok eta Richard Pottierrek egindako hamabi bat filmetan (komediak nahiz kontakizun kriminalak) lan egin zuen. Laguntzaile-lanetan egin zuen filmik garrantzitsuena zeregin horretan jardun zuen azkena izan zen, hots, Les yeux sans visage (1960). Georges Franjuren itzal handiko lan horretan gidoilari ere aritu zen.

Aurretik, bere lehen filma zuzendu zuen, Bonjour sourire! (1956), komedia musikal bat, geroago bere filmografiaren zati handienean egin zuenaren oso bestelakoa. Henri Salvador izan zen protagonista –horra hor film horren bitxikeria bat–, jazza, bossa nova, chansona eta rock and rolla landu zituen abeslari eta gitarrista garrantzitsua. Sautet zuzendariaren lehen interesak polar-erantz zuzendu ziren; genero horretakoa da Classe tous risques (1960), genero horretako aktore bereizgarrienetako bat protagonista duena, Lino Ventura. Literatura eta polizia-zinema frantziarraren beste ezinbesteko izen baten –José Giovanni– eleberri batean oinarrituta dago.

Urtebete lehenago, Sautet eta Ventura batera aritu ziren ere beste polar batean: Le Fauve est lâché (1959). Gidoia sinatu zuen eta, ematen duenez, zenbait sekuentzia filmatu zituen, filma Maurice Labroren izenean bakarrik akreditatuta badago ere. Nouvelle Vague-a jaio zen garai horietan eta, Sautet mugimenduko parte izan ez bazen ere, hor zegoen Jean-Paul Belmondo Classe tous risques filmean lapur baten rola egiten, Jean-Luc Godarden À bout de souffle (1960) filmean egin zuen bezala.

Sautetek zinema kriminalarekin lotuta jarraitu zuen, bai eta José Giovannirekin ere, Jacques Derayren Symphonie pour un massacre (1963) filmaren gidoian eta beste zenbait polizia-filmetan parte hartu baitzuen. Beste batzuentzako gidoilari-lana bere film propioen errealizazio eta idazketarekin txandakatu zuen, beti generoaren barruan. Esate baterako, Lino Venturarekin batera egin zuen L’Arme à gauche (1965) lanean, Charles Williams estatubatuarraren euskarri literarioarekin.

Eta mende-aldaketarekin Sautetek bere ibilbideko etapa oparo eta ospetsuena inauguratu zuen, Romy Schneiderren eta Michel Piccoliren bultzadari esker –1970eko hamarkadako lehen urteetako zinema frantziarreko bikote onenetako bat izan zen–. Beren kolaborazioak –interpretazio-tandema hutsezina izan zen– Les choses de la vie (1970) eta Max et les ferrailleurs (1971) izan ziren. Lehenengoan, amodio-triangelu bateko erpinak izan ziren biak, eta bigarrena bestelako polizia-film bat izan zen: Piccolik eta Schneiderrek polizia baten eta prostituta baten rolak jokatzen dituzte, elkar erakartzen eta arbuiatzen. Yves Montandek César et Rosalie (1972) filmaren ondoren –Schneiderrekin– eta yVincent, François, Paul et les autres… (1974) filmaren ondoren –Piccolirekin– egin zuen bat taldearekin.

Adin ertaineko askotariko pertsonaien krisialdi sentimental eta existentzialei buruzko nolabaiteko diptiko honen arrakastak beste tonu bat markatu zuen Sauteten obran. Drama ilundu egin zen Mado (1976) filmean, Piccolirekin egin zuen azkenekoan; Une histoire simple (1978), Schneiderrekin egin zuen azken kolaborazioan; eta Garçon! (1983) filmean, Montandekin egin zuen azkenekoan. Film guztiek dituzte ardatz amodio-desadostasunak eta -elkartzeak, azken aukerari heltzeko ideian.

Sautetek, gainera, drogazale baten emozio- eta familia-errehabilitazioa hizpide duen drama bat egin zuen; hots, Un mauvais fils (1980). Bai eta tragikomedia erromantiko oso bestelako bat ere, Sandrine Bonnaire eta Daniel Auteuil protagonista dituena: Quelques jours avec moi (1988). Gainera, Giovanniren Mon ami le traître filmaren gidoia idatzi zuen, hari faborea bueltatzeko.
Gero, Emmanuelle Béart aktorearekin lan egin zuen –Schneiderrekin bezain gustura sentitzen zen harekin–. Harekin egin zituen bere azken bi filmak: Un coeur en hiver (1992) eta Nelly et Mr. Arnaud (1995), amodio-triangeluei eta ezusteko erakarpenei buruzko drama delikatuak.

Bere azken lana Collectif de Cinéastes Pour les Sans-Papiersen barruan sartu zen. Kolektibo hori 200 zuzendari, ekoizle, erakusle eta banatzaile frantziarrek osatzen zuten –besteak beste Sautet, Bertrand Tavernier, Jacques Audiard, Sólveig Anspach, Catherine Corsini, Laurent Cantet, Philippe Garrel, Lola Doillon eta Alain Bergala–, eta film labur formako manifestu bat sinatu zuten Frantziako legez kanpoko etorkin guztiak babesteko: Nous, sans-papiers de France (1997).