Donostia Zinemaldia 2022: WIP Latam Saila

0

El castillo / The Castle, Martín Benchimolena; Estranho Caminho / A Strange Path, Guto Parenterena; Sueño Mexicano / Mexican Dream, Laura Plancarterena; Casa no Campo / A House in the Country (behin-behineko izenburua), Davi Prettorena; Penal Cordillera, Felipe Carmonarena; eta Sandra, Yennifer Uribe Alzaterena (azken bi horiek, egileen lehen lanak) dira postprodukzio-fasean egonik, Donostia Zinemaldiaren 70. edizioan profesionalez osatutako audientzia baten aurrean aurkeztuko diren Latinoamerikako sei film luzeak. Sei film horiek WIP Latam Industria Saria eta EGEDA Platino Industria Saria irabazteko aukera izango dute, eta, halaber, hein handienean ekoizpen brasildarra duten bi lanak (Estranho Caminho eta Casa no Campo) Projeto Paradiso sarietarako hautagaiak ere izango dira.

Matín Benchimol argentinarrak bakarka zuzendu duen lehen ez-fikziozko lana da El castillo The Castle. Pablo Aparorekin batera zuzendutako El espanto / The Dread (2017) filmarekin, film ertain onenaren saria irabazi zuen egileak IDFAn. El castillo lanean, Benchimolek bi ama-alabaren istorioa kontatzen digu; filmean, azken hilabeteak elkarrekin igarotzen dituzte biek La Pampan kokaturiko etxe handi-handi baina zeharo hondatu batean; enplegatzaile ohiak oinordetzan utzi zion amari etxea, inoiz ez saltzeko baldintzarekin.

Penal Cordillera Felipe Carmona txiletar antzerkigile eta film laburren egilearen lehen lana da. Protagonistak Pinocheten diktadurako lau jeneral ankerrenak dira. Andeen magalean kokatutako luxuzko espetxe batean zigorra betetzen ari dira, eta horietako batek telebista-ekipo bati elkarrizketa bat ematen dionean eldarnioa eta indarkeria piztuko dira.

Guto Parente zuzendari eta gidoilari brasildarrak Estranho Caminho / A Strange Path aurkeztuko du. Protagonista 2020ko martxoan bere filma zinema-jaialdi batean estreinatzeko Brasilera itzultzen den zuzendari bat da; aitarekin harremanetan jarri beste erremediorik ez du izango gizonak, pandemia dela-eta ezingo duelako herrialdea utzi.

Sueño mexicano / Mexican Dream Londresen kokatutako artista bisual eta dokumental-egile mexikar Laura Plancartek zuzendutako lehen film luzea da. Filmeko aktore guztiak hasiberriak dira, eta protagonista genero-indarkeriatik bizirik atera den emakume bat da, bere bizitza berregiteko eta bere familia bikotekide berriarekin berrosatzeko borrokatzen ari dena.

Davi Prettok zinemagile brasildarrak Casa no Campo aurkeztuko du. Filmean, Amanda bere bikotekide frantziarrarekin Brasil hegoaldean kokatutako familia-etxalde isolatura itzuliko da eta bere aitaren agoniari eta tokiko doktoreari aurre egin beharko die bertan (lur-jabearen eta bere langileen arteko harreman gaiztoa aldatu nahi du doktoreak). Prettoren aurreko bi lanak Berlinaleko Forum sailean estreinatu ziren eta Casa no Campo 2019ko Proyecta Ventana Sur ekimenerako hautatutako proiektuetako bat izan zen.

Sandra filmean, Yennifer Uribe Alzate kolonbiar hasiberriak segurtasun-zaintzaile gisa diharduen ama ezkongabe baten bizimodua erretratatzen du. Protagonistak, autobus-gidari batekin amodiozko istorio bat izan ondoren, askatasuneranzko bideari ekingo dio bere desio-esperientzia propioaren bitartez. Ventana Sur merkatuko Proyecta ekimenaren 2018ko edizioan parte hartu zuen, baita beste laborategi eta tailer batzuetan ere.

WIP Latam sailean jasotako film askok ibilbide arrakastatsua izan dute nazioartean: Manuel Abramovichen Pornomelancolía Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko da; Laura Baumeisterren La hija de todas las rabias / Daughter of Rage filma New Directors sailean ariko da lehian, VIII. Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroko proiektu onenaren saria (2021) eta WIP Latam Industria Saria (2019) irabazi ondoren; eta Vicenta B., iaz EGEDA Platino Industria Saria irabazi zuena, Horizontes Latinos saria lortzeko lehiatuko da aurten. Ekimen honetako parte-hartzaileen kasu arrakastatsuei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu hemen.

SARIAK

WIP Latam Industria Saria. Best Digital, Deluxe, Dolby Iberia, Laserfilm Cine y Vídeo, Nephilim Producciones, No problem Sonido eta Sherlock Films enpresek emana. Aurkeztutako filmetako baten postprodukzioan (ingelesezko azpitituluak biltzen dituen DCP bateraino) eta film hori Espainian banaketan datza.

WIP Latam onenarentzako EGEDA Platino Industria Saria. 30.000 euro, film irabazlearen ekoizle nagusiarentzat.

Projeto Paradiso sariak. Bi sari banatuko dira: lehen saria 10.000 dolarrekoa, eta bigarrena 5.000-ekoa, sail honetan hautatutako fikziozko film brasildarrentzat.