Eusko Jaurlaritzak energia aurreztearen pedagogia egingo du jasangarritasunarekiko eta 2030 Agendarekiko konpromiso zibiko eta zehatz gisa

0

2030 Agenda betetzeari dagokionez, energia aurrezteko neurriek, premia larria izateaz gain, Garapen Jasangarrirako Helburuak azkartzeko aukera ematen dute. Energia aurrezteko eta baliabideak, energiak eta erregaiak modu arduratsuan eta efizientean erabiltzeko kontzientzia globala, tokikoa eta pertsonalizatua ezinbestekoa da une honetan jasangarritasunerako irizpide gidaria finkatzeko eta lehenesteko.

Errealitate-printzipioa da. Energia aurreztea, ekonomia deskarbonizatzea eta energia berriztagarrietara igarotzearekin batera planetari trantsizio ekologikoan eta klima-aldaketaren aurreko erantzunean laguntzeko oinarrizko euskarriak dira. Baita Errusiak Ukraina inbaditzearen ondorioei aurre egiteko ere, baita kostu eta arrakala sozialak murrizteko, bereziki egoera ahulenean dauden sektoreen, familien eta pertsonen kasuan.

2030 Agenda Nazio Batuen Erakundeak 2015ean lortutako akordio bat da. 2030erako ikuspegi bera duten 193 herrialderen konpromisoa da: mundu eta bizitza iraunkorra; eta lehentasun bera: pobrezia desagerraraztea. Mundu osoan lerrokatzen ditu erakunde publikoen, erakunde pribatuen eta gizarte-eragileen politikak, 17 helburu, 169 jomuga eta ebaluazio-adierazle ezarrita, mundu bidezkoago, ekologikoago, oparoago eta baketsuago baterako.

Bost konpromiso handik laburbiltzen dute edukia: (I) Desberdintasuna geldiaraztea, inklusioa sustatzea eta pobreziarekin amaitzea; (II) klima-aldaketa iraultzea eta trantsizio ekologiko-energetikoa bultzatzea; (III) osasuna, hezkuntza edo aurrerapen digitala indartzea eta sarbidea unibertsalizatzea; (IV) enpresa, lana eta enplegua duintasunaren, oparotasunaren eta jasangarritasunaren balio partekatuak bihurtzea; eta (V) mundu osoan bakea, bizikidetza eta giza eskubideen errespetua sendotzea.

2019ko irailean, Nazio Batuek 74. batzar nagusian adierazi zuten kezkatuta zeudela 2030 Agendaren konplimenduak ez zuelako aurrera egin, eta dei egin zien gobernuei, enpresei eta gizarte zibilari helburu globalen gaineko ekintza eta anbizioa areagotu zitzaten, hurrengo 10 urteak “GJHen gaineko Ekintzaren Hamarkada” gisa izendatuz.

Handik hilabete gutxira, bi urte baino gehiago iraun duen pandemia globala deklaratu zen. Horren ondorioek 2030 Agendaren arloko aurrerabideak bizkortzeaz gain, desberdintasun-arrakalak larriagotu eta jasangarritasun ekologikoaren, ekonomikoaren eta sozialaren ardatz nagusiekiko konpromisoaren premia areagotu dute.

2022aren hasieran, datu guztiek pandemiaren okerrena igaro zela eta berrabiarazteko eta suspertzeko etapa bat has zitekeela adierazten zutenean, Errusiak Ukraina inbaditu zuen. Alde bakarreko eraso horrek, gizakiak bizitzetan, biktimetan, kalteetan eta sufrimenduetan duen eragin kalkulaezinaz gain, beste krisi global bat eragin du. Energia, erregaiak edo zerealak eskuratzeko orduan arazo larriak –eta epe laburrera eta ertainera arazo handiagoak izateko mehatxua– eragiten ari den krisia, inflazioan eta ekonomia guztietan zuzeneko ondorioak dituena.

Egoera horretan, energia- eta klima-trantsizioa ezinbesteko premia izatetik erabateko lehentasuna izatera igaro da. Pentsamoldea eta kontzientzia zibikoa eta solidarioa mundu eta bizitza iraunkor baterako, horiek dira orainaren eta etorkizunaren giltzarriak, une honetan. Energia aurrezteko eta gure eskura dagoen edozein baliabide arduraz eta eraginkortasunez erabiltzeko kontzientzia globala, tokikoa, familiakoa eta pertsonala funtsezko ekarpena da jasangarritasunaren iraultza honetan laguntzeko. Energia aurreztea ez da nahikoa; baina ezinbestekoa da. Beharrezkoa da, halaber, ekonomiaren deskarbonizazioan eta energia berriztagarrietarako trantsizioan aurrera egitea.

Testuinguru horretan, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiak, Lehendakaritzaren egituran txertatuta, konpromisoa hartzen du datozen hilabeteetan energia aurrezteko pedagogia aktiboa egiteko, jasangarritasunarekiko eta 2030 Agendarekiko konpromiso zibiko eta zehatz gisa. Konpromiso hori informazio- eta dibulgazio-kanpainetan islatuko da, eguneroko bizitzan aldaketak egiteko beharraz eta aukeraz kontzientziatzeko, gure energia-gastua murrizten eta gure baliabideak hobeto aprobetxatzen laguntzeko.

Aldaketa-proposamen horiek bat etorriko dira Europar Batasunean, Estatuan edo euskal erakundeen esparruan hartutako irizpideekin eta jarraibideekin. Beste ardatz handi batzuen artean, ibilgailu pribatuaren erabilera birpentsatzera eta garraio publikoa sustatzera gonbidatuko dute; aire girotuan, berogailuan, ur beroan, energia elektrikoan eta etxetresna elektrikoetan kontsumoak murriztera eta eraginkorrago bihurtzera; edo kontsumoari dagokionez, erantzukizun-, eraginkortasun-, hurbiltasun-, berrerabilpen- eta birziklatze-irizpideak aplikatzera.

Dibulgazio- eta informazio-ekimen horiek eragina izango dute 2030 Agendan eta haren Garapen Jasangarrirako Helburuetan “premia eta aukera” gisa hartzeko. “Energia aurreztea” bere ondorio zuzena izango da. Energia aurrezteko gonbidapen hori azpimarratuko dute, pertsona guztien eskura dagoen aukera gisa, giza garapen jasangarria lortzen laguntzeko.

Pandemiak mundu osoan eta pertsona guztiei aldi berean osasun-arrisku larriko bizipen kritiko eta globala eragin zien bezala, une honetan mundu guztia eta pertsona guztiak deituta gaude aldaketa kultural bat bultzatzera energiaren erabilerarekin, gure bizimoduekin eta jasangarritasunarekin dugun harremanean.

“Auzolan global eta planetarioa” da. Zeregin horretara mundu osoko pertsona guztiok deituta gaude, batez ere ekonomia aurreratuenetako herrialdeetan eta gizarteetan. Premia baten aurrean gaude, baita aukera handi baten aurrean ere.