Auto bat lapurtu du eta arriskua sortuz gidatu du Bilboko kaleetan

0

Ertzainek 37 urteko gizon bat atxilotu dute motordun ibilgailua erabiltzeko lapurtzearen, arriskua sortuz gidatzearen eta atentatuaren delituak leporatuta. Inplikatuak giltzak jarrita zituen auto bat lapurtu zuen Bilbon, eta, patruilek aurkitu zutenean, ihes egin zuen abiadura handian zirkulatuz, kasu batzuetan kontrako noranzkoan eta semaforoak gorri zeudela pasatuz, eta kasu askotan arrisku larrian jarri zituen bai beste ibilgailu batzuen gidariak bai oinezkoak. Azkenean, polizia-auto batekin talka egin zuen eta atxilotu egin zuten.

 

Atzo, asteazkena, arratsaldeko zortziak eta hogei aldera, Ertzaintzari jakitera eman zioten giltzak jarrita zituen auto bat lapurtu zutela Bizkaiko hiriburuko Fika kalean. Gertaeraren berri Udaltzaingoari eman ziotenean, autoaren bila hasi ziren, eta Urazurrutia kalean aurkitu zuen Ertzaintzaren dotazio batek, eta agenteak autora hurbildu ziren, geldi eta zirkulazioko erreia oztopatuz baitzegoen. Auto barruan pertsona bakarra zegoen, gidariaren lekuan autoaren azeleragailua etengabe sakatuz. Agenteek motorra itzaltzeko eta autotik jaisteko esan zioten, baina gizonak ez zien jaramonik egin eta bat-batean autoa azeleratu eta ihes egin zuen. Agenteetako batek baztertu egin behar izan zuen autoak harrapa ez zezan.

Une horretan autoari atzetik segika hasi ziren Bilboko kaleetan zehar, eta inplikatuak abiadura handian zirkulatu zuen, semaforoak gorri zeudela igaro zituen eta kale batzuetan debekatutako noranzkoan sartu zen. Gainera, errei batetik bestera etengabe igarotzen zen eta ausarkeriaz aurreratzen zituen beste auto batzuk, gainerako gidariak eta oinezkoak arriskuan jarriz, batzuk baztertu egin behar izan baitzuten harrapa ez zitzan. Polizia-autotik behin eta berriz emandako aginduei jaramonik egin gabe, gidariak San Adrian ingurura iritsi arte jarraitu zuen, eta bertan beste patruila batek itxi zion bidea Askatasuna kalean. Gizona gidatzen ari zen autoak Ertzaintzaren autoarekin talka egin zuen bi aldiz, lekutik ihes egiten saiatuz, baina atzeman egin zuten. Gidariak jarrera biolentoa izan zuen hasieratik eta agenteei ukabilkadak eta ostikoak emanez aurre egin zien, eta, azkenean, motordun ibilgailua erabiltzeko lapurtzearen, ausarkeriaz gidatzearen eta atentatuaren delituak leporatuta atxilotu zuten.

Bi ertzainek osasun-laguntza behar izan zuten, arrastatuak polizia-autoa jo zuenean eta gero, arrastatzeko unean, eragindako kontusioengatik.

Gaur, osteguna, goizean, dagozkion eginbideak amaitzen dituztenean, atxilotua, polizia-aurrekari ugari dituena, agintari judizialaren eskuetan jarri dute.