Euskadin detektatutako tximino-baztangaren kasu kopurua 188ra igo da.

0

Atzo arte, Euskadik 174 dosi jarri ditu, eta txertaketarekin jarraitzen du, aste honetan txertoen beste entrega bat jaso ondoren

Euskadin detektatu diren tximino-baztangaren (MonkeyPox) infekzio-kasuen kopurua 188ra iritsi da abuztuaren 18an. Haietatik, 134 Bizkaian detektatu dira, 36 Gipuzkoan eta 18 Araban. 185 gizon eta 3 emakume dira, eta gehienek sintoma kliniko arinak izan dituzte, etxean isolatzeko agindu zaie, eta Osakidetza jarraipen anbulatorioa egiten ari zaie.

Euskadi abuztuaren lehen hastean hasi zen txertaketarekin, txertoen lehen dosiak jaso ondoren eta Osasun Publikoko Batzordeak onartutako txertaketa-gomendioetan bildutako irizpideei jarraikiz. Horretarako, pertsona hautagarrien kaptazio aktiboa egin da, eta Osakidetza harremanetan jarri da adierazitako gomendioetan bildutako irizpideak betetzen dituzten pertsonekin.

Atzo arte, Osakidetzak 174 dosi jarri zituen guztira:   119 Bizkaian, 21 Araban eta 34 Gipuzkoan. Aste honetan bertan, 197 dosiko beste sorta bat jaso da, eta, horri esker, txertaketarekin jarraitu ahal izan da. Sorta hori honela banatu da lurraldeen artean: % 57 Bizkaian (112 dosi), % 33 Gipuzkoan (65 dosi) eta % 10 Araban (20 dosi).

Dosi guztiak lehen dosi gisa jartzen ari dira, eta txertaketa bigarren dosi batekin osatuko da, Osasun Publikoko Batzordearekin batera zehaztuko den datan; nolanahi ere, gutxienez 28 eguneko tartea behar da bi dosien artean.

 

Detektatutako lehenengo kasuak Euskaditik kanpoko agerraldiekin lotuta zeuden, baina, aurrekoetan gertatu zen bezala, baieztatutako kasu berriek ez dute lotura epidemiologikorik kanpoko beste kasu batzuekin, eta aurreko kasuen kontaktuak dira, edota azken aste hauetan identifikatutako kasuak. Horregatik, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak herritarrei infekzioa prebenitzeko eta txertaketan parte hartzeko deia egin nahi die berriz ere. Osasun Sailaren webgunean azalpen-atal bat dago, Monkeypoxaren aurkako txertaketari buruzko informazio pedagogikoa eta kontaktuek edo gaixotasunarekin kutsatutakoek bete beharreko jarraibideak biltzen dituena.

 

Osasun Sailak informazioa ematen jarraituko du, orain arte egin duen bezala, berri aipagarriren bat dagoenean.