Zinemaldiko jarduerak aurreratu ditu Basque Audiovisualek

0
zinea.eus

Irailaren 19an, 20an eta 21ean gauzatuko dituzte zinema jaialdi donostiarraren 70. ediziorako prestatutako jarduerak. Horietan parte hartzeko gonbidapenak iraila hasieran banatuko dituzte.

Basque. Audiovisual. marka eta Zineuskadi Donostia Zinemaldian izango dira aurten ere. Hala, irailaren 16tik 24ra bitartean gauzatuko den 70. edizioaren baitan prestatu dituzten jardueren berri eman dute. Horietan parte hartzeko gonbidapenak irailean sartu berritan banatuko dituztela aurreratu dute.

Hilaren 19an (astelehena) ekingo diote aurreikusitako ekimenei, Kursaal aretoan. 10:00etatik 11:30era, Hego Euskal Herria filmaketa-lurralde gisa aurkezteko gosaria prestatuko dute. Euskal lurraldeen promozio-bideoa erakutsi eta pizgarri fiskalei buruzko hitzaldi labur bat eskainiko dute, Maitena Salinas kazetariak gidatuta.

Hurrengo egunean (irailak 20, asteartea), euskal zinema sektorea aztertzeko asmoz, bilkura deitu du Basque Audiovisualek, 12:00etatik 14:00etara, eta ostean, koktel txiki bat eskainiko dute. Arratsaldean, A klaseko jaialdietan izango diren euskal film guztiekin harremanetan jarri ostean, erakusketa atonduko dute, 17:30etik 19:00etara, Ni Neun. Ekitaldi honen helburua balizko inbertitzaileak, nazioarteko ekoizleak eta komunikabideak erakartzea da, aurten gure lurraldean egindako lanak erakutsi ahal izateko. Film bakoitzak panel erakusle bat izango du, eta bertan, posterraz gain, sektorearentzat interesgarriak diren datuak erakutsiko dira.