Euskadik National Geographic-ekin kanpaina bat jarri du abian bertako baliabide naturalak nazioarteko publikoari hurbiltzeko

0

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, TourEspañarekin lankidetzan, udako denboraldiaren amaieran, turismoa sustatzeko kanpaina bat jarri du abian, Erresuma Batua, Frantzia, Belgika, Alemania, Holanda eta Estatu Batuetako merkatuetarako. Sustapen-ekimen honen helburua sasoiz kanpoko bisitak aktibatzea da, bidaiak desestazionalizatuz eta Euskadiko helmuga bisitatuenetatik eta ezagunenetatik kanpo natura-baliabideak ezagutzera emanez, horrela turismo-mugimenduak deszentralizatzearren.

National Geographiceko talde bat, beste profesional batzuen artean World Press Photo saridun eta nazioartean bidaia eta naturako argazkilari ospetsuenetako bat den Matthieu Paley bertan zela, hainbat kokaleku bisitatzen aritu zen argazki-erreportajeetan eta ikus-entzunezkoetan islatzeko. Horietan, tokiko gonbidatuak lagun zituztela, baliabideen ezaugarriak azaldu dira. Hari nagusia euskal itsasgizonen historia izan da, bisitatu diren lekuei lotua, eta, zenbaitetan, haiekin zerikusia duten kondairak ere.

Erreportajeetan Albaola itsas lantegia bisitatzeko eta bertako arduradun Xabier Agoterekin hitz egiteko aukera izan du Matthieu Paleyk. San Juan ontziaren fabrikazioaren sekretuak partekatu ditu Agotek, Pasaiako ontziolan eraikitzen den lehen merkataritza-ontzi transozeanikoaren erreplikarenak. Euskal kostaldeko leku enblematikoetatik ere ibili da, besteak beste Gaztelugatxeko San Juanetik eta Elantxobetik, eta Ogoñoko itsaslabarretara bertaratu eta Lamiei lotutako elezaharrak ezagutu ditu. Ibilbide honetan Amaia Gabantxo itzultzaile eta abeslariaren azalpenak jaso ditu.

National Geographicekin lortutako akordioari esker, mezuaren eduki erakargarriak eta sinesgarriak sortu dira, materiala izen handiko marka batek egiten baitu. Gainera, kanpaina honi esker, bidaia-kazetaritzarekin lotutako talentu sortzailerik onenak bisitatu du Euskadi, eta nazioarteko proiekzioa duten profesionalek egindako erreportaje gogoangarriak garatu dira. Azkenik, hitzarmenari esker sortu diren lanak National Geographiceko sare sozialetan partekatuko dira. Azken batean, marketinaren arloan Branded Content deitzen zaion hori da, eta bere helburua da Euskadiko helmugako merkatu estrategikoen ezagutza eta natura-turismoan dituen indarguneak eta jasangarritasunaren aldeko apustua zabaltzea.

Erreportajeak eta ikus-entzunezko materialak bost hizkuntzatan kontsulta daitezke web esteka hauetan:

INGELESEZ

https://www.nationalgeographic.co.uk/travel/paid-content-sailors-sirens-and-surfers-of-the-basque-coast

ALEMANEZ

https://www.nationalgeographic.de/reise-und-abenteuer/2022/08/bezahlter-inhalt-seefahrer-sirenen-und-surfer-an-der-baskenkueste

ITALIERAZ

https://www.nationalgeographic.it/viaggi/2022/08/contenuto-sponsorizzato-marinai-sirene-e-surfisti-della-costa-vasca

FRANTSESEZ

https://www.nationalgeographic.fr/voyage/2022/08/contenu-sponsorise-les-marins-les-sirenes-et-les-surfeurs-de-la-cote-basque

NEDERLANDERAZ

https://www.nationalgeographic.nl/reizen/2022/08/betaalde-content-zeelieden-zeemeerminnen-en-surfers-van-de-baskische-kust