Euskalmeten arabera, abuztua bere serie historikoetan erregistratutako bigarren beroena izan da

0

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, abuztua oso beroa izan da, eta bere serie historikoetan bigarren abuztu beroena izan da, 2003koaren atzetik. Berez, hilabeteko batez besteko tenperatura 1981-2010 aldi normaleko batez bestekoa baino 2,4 ºC altuagoa izan da. Itsasertzean, erregistroak 21,5 ºC eta 23,5 ºC artean ibili dira, eta Arabako Lautadan 20 ºC-ak gainditu dituzte. Prezipitazioei dagokienez, abuztua hilabete lehorra edo oso lehorra izan da. Salbuespena Donostialdea eta Bidasoa Beherea izan dira, bi eskualde horietan jasotako prezipitazio-kopuruak kontuan hartuta hilabetea oso bustia izan baita.

Euskalmeten arabera, abuztuan egun beroak izan dira nagusi, eta hiru egunetan bakarrik izan dira tenperatura hotzak. Berorik handiena 10etik 13ra bitartean egin zuen, eta baliorik altuenak hilaren 11n erregistratu ziren (Sodupe-Cadagua 41,1 ºC; Derio, 39,4 ºC). Goizalde horretan bertan tenperatura ez zen 20 ºC-tik jaitsi, Araba erdialdean izan ezik, eta tenperatura minimo altuen errekorrak hautsi ziren (Higer 25 ºC; Almike 23,1 ºC; Espejo 19,1 ºC). Tenperatura altuez gainera, intsolazioa ere handia izan da, eta orokorrean ohikoa dena baino % 15 gehiago izan dira eguzki-orduak.

Prezipitazioei dagokienez, abuztuaren 17an eta 18an Gipuzkoa ipar-ekialdean jasotako prezipitazioa salbuespena da argi eta garbi lehorra, eta Euskadiko leku askotan oso lehorra, izan den hilabetean. Horrela, Bidasoa Beherean eta Donostialdean 100 l/m²-tik gora bildu zirela kontuan hartuta (Eskas 240,4 l/m²; Añarbe 187 l/m²; Behobia 152 l/m²) esan daiteke hilabetea oso bustia izan dela bi eskualde horietan. EAEko gainerako lurraldeetan, aldiz, askoz ere prezipitazio gutxiago bildu da (Urkiola 62 l/m²; Oleta 15,3 l/m²; Goiain 5,6 l/m²) eta leku horietan, beraz, hilabetea lehorra edo oso lehorra izan da.

Euri-egunen kopurua Gipuzkoa ipar-ekialdean normaltzat jo daiteke, Donostian 9 euri-egun zenbatu baitira; baina EAEko gainerako lurraldeak batez bestekoaren azpitik egon dira, eta, esate baterako, 5 euri-egun izan dira Bilbon eta 3 Gasteizen.

Muturreko baldintza meteorologikoei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak guztira 26 abisu hori aktibatu zituen abuztuan, horietatik 8 basoko sute-arriskuagatik, 6 muturreko tenperatura altuengatik, 4 tenperatura altu iraunkorrengatik, 4 prezipitazio handiengatik, 2 prezipitazio iraunkorrengatik eta beste 2 nabigaziorako olatu-altuera adierazgarriagatik.