Hezkuntza Sailak harrera egin die Miramar jauregian 2022ko Urruzuno literatura lehiaketako sarituei

0

Donostiako Miramar jauregian jaso dute aitortza gaur eguerdian 2022ko Urruzuno Literatura Lehiaketan irabazle izan diren 19 neska-mutil gazteek, Amaia Agirre Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berriztatzearen zuzendaria buru zela ospatu den ekitaldian. Bost egunez Arantzako aterpetxean (Nafarroan) egonaldia egin ondoren iritsi dira gazteok Donostiara. Izan ere, abuztuaren 29an hasi eta gaur arte, sormena lantzeko tailerretan eta beste hainbat jardueratan parte hartu dute gazteok, berriro ikasturteari heldu aurretik elkarrekin egun gogoangarri batzuk pasatzeko aukerari uko egin gabe. Egonaldi hauxe izan dute irabazleek sari nagusia. Aurten 37. ediziora iritsi da gazteen literaturzaletasuna bultzatzeko Hezkuntza Sailak 1986tik antolatzen duen lehiaketa.

Sari-banaketa ekitaldi ezohikoa eta berezia izan da aurtengoa. “Idazlea izan nahi dut” izenburupean, sari-banaketa antzeztu eta musikatua eskaini du Iholdi Beristain idazle eta aktoreak, Paxkal Irigoyen musikariaren laguntzarekin. Sarituek ere parte hartze zuzena izan dute ekitaldian, literaturaren inguruko euren gogoeta eta ikuspegiak bertaratutakoekin ahots goraz partekatuz. Irabazleekin batera, Miramarreko ekitaldian izan dira hauen senide eta ikastetxeetako ordezkariak ere.

Urruzuno literatura lehiaketa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatzen du, Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendurik. Adina kontuan hartuta, bi kategoria bereizten dira: A kategorian, Batxilergoan eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetan ari diren gazteek hartzen dute parte; B kategorian berriz, DBHko 3. eta 4. mailetan ari direnek.

Literatura egonaldia Arantzan

Fraka motzetan eta motxila eta guzti, sari gisa jaso duten literatura-egonalditik zuzenean iritsi dira gazteak Miramar jauregira. Bost eguneko egonaldian lagun izan dituzte Arantzako aterpetxean Yolanda Arrieta, Itxaro Borda, Mikel Ayllon, Joseba Irazoki edo Igor Arzuaga, besteak beste. Idazle, musikari eta sortzaile hauekin gertuko eta zuzeneko harremana izan dute idazle gazteek, literatura-edukiz gainezka osaturiko egitaraua tarteko.

Arrietaren eskutik, literatura tailerretan parte hartzeko aukera izan dute; Itxaro Bordarekin, ibilbide literarioa osatu dute Baztango parajeetan; Joseba Irazokiren gitarra eta ahotsek, berriz, ahaztezin bihurtu dute idazle gazte hauen egonaldia arratsalde batez; eta Mikel Ayllonen eta Igor Arzuagaren eskutik, berriz, Eduardo Galeanoren testuetan oinarritutako “Mara feat. Milay” ipuin musikatuaren emanaldiaz gozatu ahal izan dute. Aipaturiko horiez gain, Igor Elortza eta Unai Iturriagak giroturiko bertso bazkaria eta gaubela literarioak ere izan dira aste honetako egitarauan. Sormena lantzeko eta literatura-zaletasuna pizteko abagune polita gazteontzat, ikasketetara itzuli aurretiko azken opor egunetan.

Baina aisialdiko kirol jarduerarik ere izan dute egun hauetan, Bortzirietako inguruak barne barnetik ezagutzeko. Espeleologia eginez, Arruzpiko kobazuloa bisitatu dute idazle gazteek.

2022ko Urruzuno Literatura Lehiaketan 137 lan aurkeztu dira orotara, 31 lan poesian eta 106 prosan. Ohi den eran, euskal literaturan eta kultur munduan aditu eta aritu diren izenek osatu dute aurten ere lehiaketako epaimahaia: Gari Berasaluze, Peru Iparragirre, Mikel Ayllon, Iratxe Retolaza eta Patxi Zubizarreta  idazleak izan dira epaimahaikide.

2022ko edizio honetan sarituak gertatu diren lan guztiekin liburua argitaratu du Hezkuntza Sailak Sagastiberri bilduman. Liburua laster banatuko da eskola guztietara, eta parte hartzaile guztiei ere bidaliko zaie.

Urruzuno literatura lehiaketa: ia lau hamarkadako ibilbidea

Hezkuntza Sailak lehen aldiz 1986an antolatu zuen Urruzuno literatura lehiaketa 37. ediziora iritsi da aurten. Hasiera-hasieratik, ikasleen artean euskaraz idazteko zaletasuna indartzea izan du helburu ekimenak. Prosan nahiz poesian, belaunaldi gazteenek euskaraz sortutako literatura lanak zabaldu ditu lehiaketak urtez urte. Baina helburu hau ez da asmo hutsean gelditu, eta azken hamarkadetako jardunak soberan frogatu du lehiaketak bere xedea ongi bete duela. Irabazle horietako asko euskal kultur munduan sinadura ezagunak dira gaur egun, bai literaturan, kazetaritzan, bertsolaritzan edo zinemarako gidoigintzan, beste zenbait arloren artean. Dagoeneko 600 inguru dira ekimen honek saritu dituen “urruzunotarrak”, eta zerrenda horretan izenak ugarituz doaz, urtez urte.

Urruzuno 2022 –  Saridunak

POESIA, A kategoria:

Irati Fernández de Ocáriz Irureta

Idazlanaren izenburua: Bizkarroiak

Ikastetxea: Vitoria-Gasteizko Koldo Mitxelena BHI

Sara Uribe-Etxeberria Atxurra

Idazlanaren izenburua: Kaiola beltza

Ikastetxea: Zumaiako Zumaia BHI

Harri Díaz de Heredia Matanzas

Idazlanaren izenburua: Alkimista lanetan edo

Ikastetxea: Vitoria-Gasteizko Armentia Ikastola

Irati Oskoz Egiguren

Idazlanaren izenburua: Bazuzi, txikixko

Ikastetxea: Donostiako Usandizaga BHI

Maddi Agirre Epelde

Idazlanaren izenburua: Errefusilatuak

Ikastetxea: Vitoria-Gasteizko Armentia Ikastola

Iraide Michelena Rivero

Idazlanaren izenburua: Pieza galdua

Ikastetxea: Pasaiako Pasaia-Lezo Lizeoa

Jon Esnaola López

Idazlanaren izenburua: Hamaika olerkitatik, hamaika olerki animaliei

Ikastetxea: Pasaiako Pasaia-Lezo Lizeoa

POESIA, B kategoria:

Alaitz Etxebarria Maortua

Idazlanaren izenburua: Egin nauenagatik naizena

Ikastetxea: Arrasateko Arizmendi Ikastola

Ane García Rodríguez

Idazlanaren izenburua: Xuxurlak

Ikastetxea: Lasarte-Oriako Oriarte BHI

PROSA, A Kategoria

Nahia Iturbe Orbegozo

Idazlanaren izenburua: Atomo metafisikoak

Ikastetxea: Tolosako Laskorain Ikastola

Maddi Agirre Epelde

Idazlanaren izenburua: Otsoen larrea

Ikastetxea: Vitoria-Gasteizko Armentia Ikastola

Imke Lázaro van Spijk

Idazlanaren izenburua: Inperfekzioaren perfezioa

Ikastetxea: Loiuko Lauro Ikastola

Eider Mugarza Etxabe

Idazlanaren izenburua: Ohe azpiko munstroa

Ikastetxea: Zumaiako Zumaia BHI

Irati Larrañaga Etxeberria

Idazlanaren izenburua: Lagunak

Ikastetxea: Bilboko Botikazar BHI

Peiqi Chen Huang

Idazlanaren izenburua: Gereziondo loreak neguan

Ikastetxea: Vitoria-Gasteizko Ekialdea BHI

PROSA, B Kategoria

June Aiestaran Iparragirre

Idazlanaren izenburua: Agur, aurrera noa

Ikastetxea: Beasaingo Beasain BHI

Naroa Asensio Gastón

Idazlanaren izenburua: Mendeku hitzak

Ikastetxea: Andoaingo Aita Larramendi Ikastola

Izaro Paredes García

Idazlanaren izenburua: Galaxiaren erdigunera bidaia

Ikastetxea: Urretxuko Urretxu-Zumarraga Ikastola

Naia Urtaran Bilbao

Idazlanaren izenburua: Izar-euria

Ikastetxea: Murgiako Murgia BHI

Garoa Oleaga Goikolea

Idazlanaren izenburua: Besarkatuta

Ikastetxea: Gernika-Lumoko Gernika BHI

Markel Granda Souto

Idazlanaren izenburua: Erregearen erabaki jakintsua

Ikastetxea: Donostiako San Luis La Salle ikastetxea

Literatura-saririk onenak aurkeztu dituzten ikasle hauez gain, Hezkuntza Sailak lanik gehien aurkeztu dituzten ikastetxe edo institutuak ere saritzen ditu. Hauek, eurek aukeratutako bi idazle gonbidatu ahal izango dituzte ikastetxera ikasleekin solasaldiak izan ditzaten, Idazleak ikastetxeetan ekimenean egin ohi den eran. Honako sei ikastetxe hauek izan dira aurten sarituak:

    • Ekialdea BHI. Vitoria-Gasteiz

 

    • San Luis La Salle Ikastetxea. Donostia.

 

    • Franciscanas de Montpellier Ikastetxea. Trapagaran.

 

    • Armentia Ikastola. Vitoria-Gasteiz.

 

    • Lauro Ikastola. Bilbao.

 

    • Gernika BHI. Gernika-Lumo