Made in Spain sailak lau mundu-estreinaldi izango ditu, horien artean Carlos Boyero kritikariari buruzko dokumental bat eta Tequila musika-taldeari buruzko beste bat

0

Made in Spain Donostia Zinemaldiko sail ez lehiakorrak –urteko film espainiarren lagin bat biltzen duenak–, hamahiru film luze eskainiko ditu 70. edizio honetan; horietako lau mundu-estreinaldiak izango dira, eta gainerakoak, berriz, aurretik nazioarteko beste zinema-jaialdi batzuetatik igarotakoak ala estreinatu berriak.

Tradizioz, Made in Spain saila beste zinema-jaialdi handi batzuetatik erreskatatutako filmez osatuta egon izan da, baina aurtengo edizioan (irailaren 16tik 24ra), filmen erena mundu-estreinaldi gisa ikusi ahalko da. Halako kasua da, adibidez, saila inauguratuko duen filma, El color del cielo / Color of Heaven, Marta Etura eta Francesc Garrido protagonista dituena. Joan-Marc Zapataren (Bartzelona, 1989) debuta da zuzendaritzan, eta zinema-izar garrantzitsu batek eta goi-mailako filosofo batek Suitzan izandako topaketa kontatzen digu.

Beste mundu-estreinaldietako bat Entre montañas / Alone in the Mountains izango da, Unai Canelak (Bartzelona, 2004) zuzendutako lehen film luzea. Pandemiaren garaian, Pirinioetako herri txiki batean konfinatu zen Canela, eta bere burua filmatu zuen han, naturarekiko lotura erakusten digun film hori sortzeko.

Álvaro Longoria (Santander, 1968) Tequila. Sexo, drogas y rock and roll / Tequila. Sex, Drugs and Rock and Roll dokumentalarekin egongo da sailean. Cecilia Rothek kontatutako dokumental horretan, Ariel Rot eta Alejo Stivel buru zituen Tequila rock talde ospetsuaren istorioa gogora ekartzen digu egileak. Kantabriako zuzendari eta ekoizlea lan horrekin itzuliko da Zinemaldira, Donostian lan hauek aurkeztu ondoren: Hijos de las nubes, la última colonia (Made in Spain, 2012), The Propaganda Game (Zabaltegi, 2015), Ni distintos ni diferentes: Campeones (Belodromoa, 2018) eta Sanctuary (Beste jarduera batzuk, 2019).

Made in Spain sailean lau mundu-estreinaldietako azkena El crítico / The Critic izango da, Juan Zavala tolosarrak (1964) eta Javier Morales Pérez madrildarrak (1973) zuzendutako dokumentala, Carlos Boyero ardatz duena, Espainiako zinema-kritikari ezagun eta polemikoenetako bat. Zavalak eta Moralesek gidoilari eta ekoizle gisa parte hartu izan dute zinemarekin lotutako hainbat filmetan, hala nola Regreso a Viridiana (2011) eta El último adiós de Bette Davis (2014) pelikuletan.

BESTE JAIALDI BATZUETAKO FILMAK EDO ESTREINATU BERRI DIREN FILMAK

Saila beste lehen lan batek itxiko du: La casa entre los cactus / The House Among the CactusesCarlota González-Adriok (Bartzelona, 1996) zuzendua eta Zinemaldian proiektatu aurretik estreinatuko dena. Elías Querejeta Zine Eskolako ikasle ohia da egilea, eta suspensez beteriko thriller emozional bat aurkeztuko digu, ezezagun bat agertzean elkarbizitza aldatuko zaion familia idiliko bati buruzkoa.

Málagako zinema-jaialdiari amaiera eman zion Llenos de gracia / Full of Grace filma izango dugu, Roberto Buesoren (Valentzia, 1986) bigarren film luzea, Carmen Machi protagonista duena eta Paula Usero, Anis Doroftei, Pablo Chiapella, Manolo Solo eta Nuria González aktoreek antzeztua. Halaber, Zaida Carmona (Castellón de la Plana, 1986) hasiberriak La amiga de mi amiga / Girlfriends and Girlfriends filma –Bartzelonako D’A Film Festival jaialdiko Un Impulso Colectivo atalean saritua– zuzendu du (bera da, halaber, protagonista). Horrez gain, Juan Miguel del Castillok (Jérez de la Frontera, 1975) Málagan lehiatu zen eta Natalia de Molina, Fred Tatien eta Gerardo de Pabien protagonista dituen La maniobra de la tortuga / Unfinished Affairs bere bigarren film luzearekin parte hartuko du sailean.

Gainera, Rodrigo Cortés (Ourense, 1973), Zabaltegi-Perlas sailean Buried (2010) filmarekin egon zena, eta El amor en su lugar / Love Gets a Room bere lan berrienarekin itzuliko da Donostiara, Sevillako zinema-jaialdian izan ostean. Adrián Silvestrek (Valentzia, 1981) Mi vacío y yo / My Emptiness and I aurkeztuko digu, bere hirugarren film luzea, Rotterdamgo zinema-jaialdiko Sail Ofizialean estreinatua eta Málagakoaren Epaimahaiaren Zilarrezko Biznaga Sari Bereziaren irabazlea. Bestalde, Albert Serra katalanak (Banyoles, 1975) bere film berria –Tourment sur les îles / Pacifiction– erakutsiko digu, Cannesko zinema-jaialdiko Sail Ofizialean parte hartu ondoren.

Azkenik, Carla Simón (Bartzelona, 1986), bere lehen lana –Estiu 1993 / Summer 1993– jada Made in Spain sailean erakutsi zuena, sailera itzuliko da bere bigarren filmarekin: Alcarràs, azken Berlinalen Urrezko Hartza irabazi zuena; gainera, aurten Simonek lehiaz kanpo parte hartuko du Zabaltegi-Tabakalera sailean Carta a mi madre para mi hijo / Letter to My Mother for My Son film laburrarekin.

Jonás Trueba zuzendariak (Madril, 1981), berriz, Tenéis que venir a verla You Have to Come and See It filma erakutsiko digu, Karlovy Vary jaialdiko Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu ondoren lan horrengatik. Truebak, Made in Spain sailean jada parte hartzeaz gain aurreko zenbait lanekin, Sail Ofizialean ere parte hartu izan du La reconquista / The Reconquest (2016) eta Quién lo impide (2021) lanekin. Azken horrek, besteak beste, antzeztaldeko interpretazio onenaren Zilarrezko Maskorra eta Fipresci Saria irabazi zituen.

Made in Spain sailak SGAE Fundazioa du laguntzaile. Gainera, SGAE Fundazioak hiru urte daramatza Dunia Ayaso saria ematen Zinemaldian. Golardo hori duela zazpi urte hil zen gidoigile eta zuzendari kanariarraren omenez sortu zen, historian protagonismoa izan duten emakumezko protagonistak edo emakumeak gizartean duen egoera islatzen dutenak erakusten dituzten zinema-lanak aintzatesteko. Halaber, Fundazioak euskal ekoizpeneko gidoi onenaren saria finantzatzen du 2019az geroztik, Euskal Herriko Gidoigileen Elkarte Profesionalak bultzatuta. Azkenik, SGAE Fundazioak eta Euskadiko Orkestrak Zinemaldiarekin batera antolatzen duten Kontzertua & Proiekzioa itzuliko da aurten Belodromora.