Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua Etxepare Euskal Institutuak Quebecera egingo duen bidaiaren buru izango da Saison Quebec – Pays Basque programaren azken bultzada emateko.
Zupiriak, Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larrazarekin batera, hainbat bilera egingo ditu hainbat erakundetako ordezkariekin. Horrela, besteak beste, Anne-Marie Jean, Conseil des Arts et des Letter du Quebec-eko Presidente-Zuzendari Nagusi eta Programa Batzordeko Presidentearekin eta Éric Bergeron, Culture et des Communications du Quebec-eko Ministèreko politikako eta Estatuko sozietateetako ministrordearekin bilduko da.
Etxepare Euskal Institutuak kultur trukerako programa bat antolatu du Quebecekin. Bertan, hainbat jaialdik euskal kulturan jarriko dute arreta iraila eta abendua bitartean. Hainbat kultur jarduerek Saison Quebec – Pays Basque programari amaiera emango diote bi urteko ibilbidearen ondoren. Besteak beste, Malandain Ballet Biarritzek irekiko du Montrealgo Quartiers Danses jaialdia, eta lau euskal konpainiak osatuko dute Focus Basque saila. Elbira Zipitria katedra ere jarriko da martxan McGill Unibertsitatean, euskal ikasketetan gizarte-berrikuntzaren ikuspegitik sakontzeko. Gainera, datozen asteetan Quebecen euskal zinemari buruzko ziklo bat, literatur jaialdi bat eta kontzertu ugari izango dira.