N-121-A errepidean aurkitzen diren Belate eta Almandozeko tunelak zabaltzeko proiektuak Ingurumen Inpaktuaren Aldeko (IIA) adierazpena jaso du Nafarroako Gobernuaren eskutik.
Ingurumeneko Zuzendari Nagusiaren ebazpena dela medio, neurrizko inpaktua duen proiektu jasangarri bat dela ondorioztatzen da. Bestalde, proiektua garatzeko orduan ingurumena eta baliabide naturalak behar bezala babesteko baldintzak ere zehaztu dira.
Gogoan izan behar da foru Exekutiboak 2019ko urrian tunelak bikoizteko erabakia hartu zuela, bi arrazoirengatik: alde batetik, azpiegituraren segurtasuna hobetzeko eta bestetik, Errepidetako Europaz gaindiko Sareko tuneletarako segurtasun minimoen eskakizunen gaineko 2004/54/CE Zuzentaraua betetzeko.
Neurrizko inpaktuko proiektu jasangarria
Ingurumen inpaktuaren azterketak orubearen aldaketa geomorfologikotik eta erabileren aldaketetatik erator litezkeen balizko eraginak identifikatzen ditu. Fauna eta florarekiko inpaktuen harira, azterketaren arabera bere inpaktua neurrizkoa omen da. Halaber ez da uste proiektuak lurraldearen egungo konektibitate baldintzetan aldaketarik dakarrenik.
Proiektuaren azaleraren atal bat Red Natura 2000ko esparru naturalaren baitan egotean, Belate Kontserbazio Gune Berezia (KGB) izendatzera daramaten komunitate-intereseko habitatetan eta elementu giltzetan izandako eragina aztertzen du. KGB eremuan eginiko proiektuaren exekuzioak bere eremu batean inpaktu bateragarria izan duela atzeman da; horrela, sortutako eragin kaltegarriak ez omen dira nabarmenak alboko eremuetan, KGB alorrean interes gabeko elementuak izanik.
Azterketaren arabera, ondorioz, inpaktuak aurreikusi eta zuzentzeko neurri nagusienak jarduketaren diseinuari dagozkio, hortaz, nagusiki prebentzio izaera dute. Neurri hauek aplikatu ondoren, balorazio globalak neurrizko inpaktuko proiektu jasangarritzat hartu du.
Neurriak nagusiki landaretza, fauna, sistema hidrologikoa eta kultura ondare historikoa; erabilera publikoko mendiekin (EPM) lotutako baso izaerako neurriak; lanen ingurumen integrazioa; soinu-eraginen murrizketa; lan-hondakinen kudeaketa; eta lanen unean hala nola amaitzean eginiko ingurumen mailako segimendua zaintzen ditu.
Tunelak bikoiztearen abantailak
Belate eta Almandozeko tunelak bikoizteko trazadura berriak 7.647 metroko luzera du, mendebaldeko marjinan dagoen tarteari atxikita; tunel tartetan 30 eta 100 metro arteko ardatzen arabera bereizita. 5 tarte izango ditu: Belateko tunelaren aurretiko tarte irekia; Belateko tunela; tunel arteko tarte irekia; Almandozeko tunela; hala nola Almandozeko tunelaren ondorengo tarte irekia.
Tunelen bikoizketak abantaila azpimarragarri batzuk dakartza beste aukera batzuekiko, azpiegiturak europar araudiarekin egokitze aldera. Behin-betiko konponbidea izango da, bi hodiren erabilera egitean, zirkulazioaren noranzkoak independenteak izanik, eta tunel bakoitzetik doan ibilgailu kopurua edo luzetarako aireztapena nahikoak dira, zeren hodi bakoitzeko zirkulazioa noranzko bakarrekoa da.
Gainera, ibilgailu bat hodiren baten barruan matxuratzen bada, bertako errei bat etetea eta beste erreitik pasatzea ahalbidetzen da. Gertakaria larriagoa denean, hodietako bat zirkulaziorako erabat itxi daiteke, trafiko guztia bestetik desbideratuz, eta unean-unean “noranzko bikoa” bihurtuz, zirkulazio noranzkoetako bat portutik desbideratu behar izan gabe. Beraz, tunelen bikoizketak edozein kasutan larrialdi ekipoen esku-hartzea arinago gertatzea suposatuko du.