“Baldintza ezinhobeak ditugu industria adimendun potente bat izateko. Orain apustu estrategiko bat behar dugu eta azkar gainera”

0

ORAI NLP Teknologia aurkeztu zenetik hilabete batzuk pasatuta, adimen artifizialari, lengoia naturalaren prozesamenduari eta arkitektura neuronalari buruz hitz egin dugu ORAIren arduradunarekin.

  • Lehenengo ta behin ORAI NLP Teknologiak zer den ulertu nahiko genuke.

Adimen artifizialaren eta lengoaia naturalaren aurrerapen teknologikoak eta potentzialitate guztiak industriara bizkortasunez eramaten dituen teknologia-langunea da Orai. Azken 20 urteetan egiten ari garena sendotzera, indartzera eta hedatzera datorren apustu estrategiko baten gauzapena da guretzat. Apustu handi bat da guretzat eta erabakimen irmoa dugu lehen mailako agente teknologikoa bilakatzeko euskal zientzia, teknologia eta berrikuntza sarean; eta zehazki adimen artifizialaren eta lengoaia naturalaren prozesamenduan.

  • Nola uztartzen dira adimen artifiziala eta lengoaia naturalaren prozesamendua?

Adimen artifiziala konputazio-sistemen bidez pertsonen prozesu mentalak imitatu eta horietatik ikasteko gaitasunak sortzen dituen diziplina zientifiko-teknologikoa da. Adimen artifiziala makinek giza adimena imitatzeko duten gaitasuna izanik, eta hizkuntzaren ulermena eta mintzamena giza adimenaren adierazpen nabarmenenak direnez, Lengoaia Naturalaren Prozesamendua adimen artifizialaren muin-muinean dagoen diziplina da. Hau horrela izanik esan dezakegu algoritmo konplexuak eta sendoak eraikitzen diren adimen artifizialeko langune teknologikoa garela.

  • Zer dakar ORAIk besapean?

Gure industriaren eta enpresen lehiakortasuna areagotzeko misioarekin jaio gara. Lengoaia naturalaren prozesamenduan sortu eta garatu ditugun teknologiak industriaren eskura jartzeko, elkarrekin diseinatu eta garatutako proiektu teknologikoen bidez. Prozesu hori bizkortu eta azeleratu nahi dugu, gaitasuna badagoelako eta teknologia heldu dagoelako.

  • Enpresen eskura jarrita, zer egin dezake ORAIk?

Teknologia-fabrikatzaile eta ekoizle bikainaren egiteko modua eraman nahi dugu enpresetara; hori da gure nahia: gure gaitasun zientifikoak eta teknologiak euskal enpresetara eramatea, inteligentzia ekoiztea, dispositibo adimendunak garatzea enpresen prozesuak eraginkorragoak eta adimentsuagoak izateko. Enpresa baten egituratu gabe dagoen informazioa eta ezagutza kudeatzen lagundu dezakegu; gizartean inpaktu handiko produktu edo zerbitzuak eskaintzen dituen enpresen baten ospe digitala monitorizatu eta aztertu dezakegu; bezeroekiko harremana eta komunikazioa eraginkorragoa egiteko laguntzaile adimendunak eta galdera-erantzun sistema bizkorrak garatuz; ingurune eleaniztunetan jarduten duten enpresentzat dokumentazioaren kudeaketa eramangarria izan dadin edo pertsona eta makinaren arteko harremana ahalik eta gizatiarrena izateko soluzio teknologiko aurreratuak ditugu.

  • Adibide praktiko batzuk jarriko zenituzke?

Bai noski. Adibide bat industria alorrekoa: EAEko kooperatiba handienetakoa den Ulma Construcción enpresarekin ari gara lanean. Sektore heldu batean jarduten badu ere, digitalizazioa eta adimen artifizialaren potentzialiatea baliatu nahi ditu administrazioan eta fabrikazio-plantetan, barne-prozesuak eraginkorragoak izateko. Horretarako, zenbait teknologia sartu nahi dituzte materialen eta hornigaien kudeaketan nahiz fabrikazio-prozesuan erabiltzen dituen aplikazioetan, hala hizketaren ezagutza, aginduak hizketa bidez azkarrago emateko eta informazioa errazago eskuratzeko. Hizketaren ezagutza ingurune industrialetara egokitzea da erronka handiena; izan ere, ingurune zaratatsuak dira, eta ohiko ezagutzaileek ez dute balio. Hortaz, eredu akustikoa ingurune industrialetara egokitu, eta neurrira egindako hizketa-ezagutzailea garatu dugu.

  • Industria sektoretik kanpoko adibiderik?

BBVAk gauza sinple bat nahi zuen enpresa handi guztiek nahi dutena: sare sozialetan eta hedabideetan BBVari buruz (eta bere lehiakideei buruz) esaten ari dena monitorizatu eta neurtzea. Eskuz edo pertsonen lanaren bidez ezinezkoak liratekeen 10.000 hedabide digitaletatik informazio esanguratsua erauzten ari gara, denbora errealean, eta iritzi edo albiste horien atzean dagoen polaritatea neurtzen dugu eta zenbait dimentsiotako atributu erreputazionalak aztertu, lehiakideekin alderatu ahal izateko. Zehaztutako adierazle bakoitzaren datuak aginte-koadro eta bistaratze-metodo aurreratuen jarraitzen ditu enpresako zuzendaritzak. Hau guztia egiteko sentimenduak analizatzeko eta informazioa erauzteko azken aurrerapenak aplikatzen ditugu, arkitektura neuronalak baliatuta.

  • Sentimenduak aztertu, arkitektura neuronala… batzutan zientzia-fikziozko istorio batetan murgilduta gaudela dirudi. 2022. urte honetan, Adimen Artifizialaren lasterketan non gaude kokatuta?

Orai-rentzat funtsezkoa da hizkuntza-eredu neuronal berrietan ikertzen jarraitzea. DeepText ikerketa-proiektua izan dugu orain arte horretarako eta Eusko Jaurlaritzak langundua izan da ELKARTEK deialdiaren bidez. Garrantzi handia du; izan ere, hizkuntza-eredu berriekin, hobeto modelizatzen dugu giza hizkuntzaren ulermena eta sorkuntza, eta horrek hobekuntza nabarmena dakar NLPren zeregin garrantzitsuetan. Arkitekturetan eta hizkuntza-eredu berrietan ezagutza berria sortzea funtsezkoa da. Gure teknologia propioa sortzeko estrategiarekin jarraituko dugu; beraz, aurten bertan ahots pertsonalizatuak sortzeko sistema bat izango dugu. Bozgorailu adimentsu bat ere garatzen ere ari gara une honetan eta urte amaieran amaituta egongo da. Bestalde, aukera handiak daude PERTEri lotuta: “Hizkuntzaren ekonomia berria” izenekoa. Gure ustez, PERTEak palanka bat izan behar du NLP alorrean industria teknologiko indartsu bat bat eraikitzeko eta herrialde gisa aurrera egiteko gaitasun zientifiko-teknologikoak sortzeko.

  • 5 edo 10 urteko epean, non egongo gara? Non egon gaitezke? Non egon beharko genuke?

Gure erkidegoan Europan ez dagoen gaitasun zientifiko-teknologikoa dago lengoaia naturalaren prozesamenduan. Baldintza ezinhobeak ditugu arlo honetan jardungo duten eta teknologia sortuko duten enpresak izateko, eta adimen artifizialeko teknologien aplikazioei esker industria adimendun potente bat izateko. Adimen artifiziala eta lengoaia naturalaren prozesamenduan aitzindaritzan jartzeko herri-proiektu anbiziotsu eta nazioartekoa garatu beharko genuke, hau da, goi-mailako Ikerketa eta Fabrikazio Sare Publiko-Pribatu kooperatibo baten eraketa.

  • Zertarako sare publiko-pribatu kooperatibo hori?

Hain kritikoa den gure konputazio-ahalmena biderkatzeko, oinarrizko ikerketan ditugun ildoak nabarmen sendotzeko eta industria teknologiko beregain bat sortzeaz gain, goi-mailako lanpostuak sortzeko, emakumeen presentzia parekidea areagotzeko, euskararen garapena eta munduko baliabide urriko hizkuntzen osasun digitalean laguntzeko eta irisgarritasuna unibertsala eta erronkak sozialei (berdintasuna, aldaketa klimatikoa, arrakala digitala,..) erantzuteko. Hau da: herri-proiektu teknologiko eta industrial bat lengoaia naturalaren prozesamenduaren bueltan. 

  • Toki horretara iristeko bidea markatuta al dago?

Erronkak identifikatuta daude: azpiegitura teknologiko indartsuak prozesamendu-gaitasuna bikoiztuko dutenak; oinarrizko ikerketa inbertitzeko berariazko lerroak; goi-mailako lanpostuak eta talentuari eusteko politika zehatzak, eta administrazioaren trakzio-lana fabrikatzaile teknologikoek muskulu nahikoa lor dezaten. Apustu estrategiko bat egin behar da eta azkar gainera.