Martxan da Herrerako Dbiziko bizikleta geltoki berria

0
Dbizi Herrera auzora iritsi da. Gaur arratsaldetik aurrera, 19 aparkaleku dituen geltoki misto bat martxan dago Herrerako Topo geltokiaren ondoan, Jose Elosegi etorbideko 297. zenbakian. Bizikleta mekaniko eta elektrikoak biltzen ditu gaurtik aurrera Ekialdeko Barrutiko gune honetan abian izango den zerbitzuak. Udal Gobernuak Elkarrekin Donostia udal taldearekin hitzartutako akordioaren ondorio da geltoki berri hau.

Geltoki berria estrategikoa da mugikortasunaren ikuspuntutik, gune horretan garraio publikoaren lotune garrantzitsua indartuko duelako intermodalitatea biderkatuz. Euskotrenen trenez gain, Dbus eta Lurraldebusen ibilbide eta geltokiek bat egiten dute. Halaber, Renfeko geralekutik ere oso gertu dago.

Hala, bizikleta publikoen zerbitzua 47. geltokira iritsi da eta Ekialdeko Barrutian zabaldu da, Intxaurrondon dauden geltokiekin batera. Mugikortasun zinegotzi Pilar Aranak adierazi duenez, “zerbitzua zabaltzeko beste urrats bat da, eta lanean jarraituko dugu datozen hilabeteetan”.

“DBizik herritarren babes masiboa du, udako hilabete hauetan erakutsi den bezala; izan ere, aurreko urtearekin alderatuta, erabiltzaile kopurua bikoiztu egin da”, gaineratu du.

Datozen urteetan, zerbitzuak hiriko beste toki batzuetara zabaltzen jarraituko du, eta bizikleta elektrikoen kopurua ere handitu egingo da, gaur egun erabiltzaileek gehien eskatzen dituztenak baitira.

Helburua etorkizunean Dbiziko 70 geltoki lortzea da, eta bizikleta ohiko garraiobide publiko bihurtzea, trena edo autobusarekin batera.

2022/09/14-an argitaratua