Bilbao Bizkaiak tokiko produktuen erosketa sustatzen du, Loiuko aireportuan, lurraldea bisitatzen dutenen artean

0

Bilbao Bizkaiak kanpaina bat hasi du gaur Loiuko aireportuan, lurraldea bisitatzen dutenek hemengo produktuak eros ditzaten sustatzeko. Horretarako, hainbat sorkuntza-lan jarri dituzte zenbait euskarritan, produktu horiek erakargarri erakusteko (txakolina, txapela, karolina, zesta-punta, antxoa, artisautzako produktu tradizionalak…), ondoan QR kodea dutela, produktuei eta salgai dauden dendei buruzko informazioa deskargatu ahal izango. Ekimen hau Bilbao Bizkaia Action Group (BBAG) bidaiariek beren bisitaldian erosketak egin ditzaten sustatzeko egiten ari den ekintzetako bat da.

Gaur hasi den kanpainaren barruan informazio-panelak ezarri dira, paperezkoak eta digitalak, eta bideoak daude ikusgai aireportuko leku estrategikoetan, hala nola ekipajeak jasotzeko aretoetan eta kafetegian, eta biniloak jarri dira taxietara iristeko ateetan eta terminaleko irteera-ateetan. Materialok helduera- zein irteera-eremuetan jarri dira.

Horrela, BBAGk osatu egiten du dagoeneko garatu eta agerkari espezifiko batean hezurmamitutako beste proiektu bat, «paregabeko erosketei» buruzkoa, eta, horri esker, proiektu hori ikusgai jartzen da lurraldera hegazkinez iristen direnen artean.

Kanpaina hil honetan eta urrian izango da. Aldi berean, kruzeroak iristen diren terminalean ere egingo da, non euskarri finko bat jarriko baita eta liburuxka banatuko baita anezketan, lurraldea euren kabuz bisitatzen dutenek informazio nahikoa izan dezaten egonaldian erosketak egiteko.

Ekimen horrekin batera, BBAGk beste jarduera batzuk lantzen dihardu, Bilbo Bizkaira iristen diren turistek tokiko produktuak eros ditzaten sustatzeko. Hain zuzen ere, shoppinga helmugako marketin digitaleko kanpainetan sartuko da; hurrengo hiletan, ezagutarazteko bidaiak egingo dira hartzaileekin eta influencerrekin, eta bidaia horien helburu bakarra «benetan paregabeak diren erosketak» egitea izango da. Gainera, azaroan lan-topaketa bat antolatuko da, denda berriak proiektura atxikitzeko eta produktua hobetzeko. Topaketa horretan, BBAGko lantalde espezializatuak hobekuntza horretarako aukerak aztertuko ditu sektoreko eragileekin.