Udako denboraldi historikoa amaitu da Donostia Kirolako instalazioetan

0

Irailaren 18an, igandea, amaitu zen udako denboraldia hiriko udal kirol instalazioetan, Etxadi, Intxaurrondo eta Altzako kanpoko igerilekuen ixtearekin batera. Altako kanpoko igerilekuen irekierak eta uda honetan izan dugun eguraldi onak lagundu dute denboraldi hau historikoa izaten, milioi erdi erabilera baino gehiago erregistratu baitira udal kiroldegietan ekainaren 6tik irailaren 18ra bitartean.

Jende kopuru hori 2021ean baino %42 gehiago da (150.000 sarrera gehiago), eta udako denboraldi batean kirol-instalazioek izan duten erabilera-daturik handiena da; izan ere, 2019ko udan izan ziren erabilerak baino 100.000 gehiago dira (orain arte kopururik handiena zen).

Altzako Udal Kiroldegi berria izan da, zalantzarik gabe, igoera horren arrazoi nagusietako bat, 82.994 sarrera erregistratu baititu aldi horretan, kanpoko igerilekuak dituzten beste kiroldegien gainetik (Etxadi 68.789 sarbide eta Intxaurrondo 66.212 sarbide). Yoldi kiroldegiak bakarrik gainditu du Altza, 99.952 sarrerarekin, baina abuztuan gehien erabili zen instalazioa Altza Udal Kiroldegia izan zen.

Sarrera gehienak Kirol Txartelarekin egin ziren (450.000 sarrera), eta gainerakoak eguneko sarrerekin (9.670 sarrera salduta) edo 10 erabilerako bonuekin (1.033 bonu salduta). Uztailaren 18an izan zen jende gehien, 8.000 pertsona baino gehiago hurbildu baitziren udal kiroldegietara.

Erabilera-datu historiko hori Kirol Txarteleko abonatu berrien kopuruan ere islatzen da. Horrela, epealdi horretan 4.300 alta berri erregistratu dira Kirol Txartelean, egindako edo berritutako hileko 5.400 abonuez gain.

Uda kanpaina

Kirol jardueren UDA Kanpainan 11.000 parte-hartzaile baino gehiago izan dira, eta, urtero bezala, kirol-anitzean (2.850), surfean (1.401), igeriketan (803), tenisean (790) eta piraguismoan (613) izan dira nabarmenenak.

Bera Bera (2.300) eta CD Fortuna (2.200) izan dira parte-hartzaile gehien bildu dituzten kirol taldeak.