Barakaldok ke-detektagailuak instalatuko ditu bakarrik bizi diren 80 urtetik gorako pertsonen etxeetan

0

Barakaldok ekimen berria bultzatu du hirian bakarrik bizi diren 80 urtetik gorako pertsonen etxeko arriskuak murrizteko. Horretarako doan ke-detektagailuak instalatuko dira pertsona horien etxeetan; Barakaldoko Erroldaren arabera 2.500 bizilagun baino gehiago dira bakarrik bizi direnak. Gainera zerbitzuaren hartzaileen gizarte-premiei buruzko azterlana egingo da, Mikel Antizarrek zuzentzen duen Gizarte Ekintza Sailak eskaintzen dituen zerbitzuak hobetzen jarraitzeko balioko duena.

Amaia del Campo alkateak aurkeztu du gaur goizean proiektua, eta datozen egunetan irekiko da proiektua kudeatzeko interesa duten enpresek eskaintzak aurkezteko epea. SOS Deiaken datuen arabera etxeko 10 istriputik 8 suteak dira, eta mugikortasun murriztua duten adinekoak dira hauskorrenak horrelako egoera batean, baita deskuiduen ondorioz suteak izateko arrisku handiena dutenak ere. Zentzumenen nahasmenen ondorioz gehiago kostatzen zaie zerbait gertatzen dela konturatzea, eta denbora gehiago behar izaten dute erreakzionatzeko.

Suteen arrazoiak hainbat faktoreren ondorio izaten dira, eta horietako batzuk aurreikusi ezinak izan daitezkeen arren, etxebizitzaren egoera eta giza faktorea erabakigarriak izaten dira. «Kontratu honekin sute-arriskuak minimizatu nahi dira arrisku handiko kolektibo batean, hau da, bakarrik bizi diren adinekoen taldean» azaldu du alkateak. Horretarako etxebizitzaren ingurune fisikoarekin lotutako alderdiak aztertuko dira (hala eraikinaren nola etxebizitzaren kontserbazio- eta irisgarritasun-egoera), etxebizitzaren barruan gas-instalazioen, galdaren, instalazio elektrikoaren, aireztapenaren, berogailuen, sukaldeen eta gainerako ekipamenduen egoera txarraren eta kontserbazioaren ondoriozko sute-foku posibleak identifikatuko dira eta erabat doan ke-detektagailuak instalatuko dira. Azkenik, autonomia baloratuko da eta narriadura kognitiboak, sentsorialak eta mugikortasunekoak, gizarte-isolamendua, familiaren edo komunitatearen babesa eta adinekoen beste beharrizan sozial eta autonomia-premia batzuk detektatuko dira.

NOLA FUNTZIONATUKO DUTEN KE-DETEKTAGAILUEK
Bakarrik bizi diren 80 urtetik gorako pertsonen etxeetan instalatuko diren ke-detektagailuek kearen presentziaren berri emango dute soinu-alarma oso gogor baten bidez. «Horren bidez, erabiltzaileek ez ezik, auzokoek ere entzun ahal izatea bilatzen dugu» adierazi du Del Campok.  «Alarmari esker bizitzak salbatzeko eta etxebizitzan ahalik eta kalte gutxien eragiteko  alerta-denborak murriztu daitezke. Gainera, aparatu autonomoak dira, bateria batekin funtzionatuko dutenak, eta horrek aukera ematen du obren beharrik gabe larrialdietarako zentral txiki bat izateko» azpimarratu du.

Halaber zerbitzu honekin zuzenean  erabiltzaile guztien beharrak ezagutu ahal izango dira; gerta daitezkeen eta ustezko beharrak aurreikusi eta prebenitu ahal izango dira, eta adineko pertsona horien ingurune fisikoa eta soziala hobetu ahal izango da.

ADINEKOEKIKO LAGUNKOIAGOA DEN HIRI BATERANTZ
«Barakaldo bigarren eraldaketa handia egiten ari da, bai soziala  eta bai hiriari dagokiona, eta pertsonak dira udalaren jardueren ardatza, gure bizilagunei gure hirian bizitzeaz harro sentiarazteko moduko bizi-kalitatea emateko», adierazi du Del Campo alkateak. Ildo horretatik  Barakaldoko adinekoak Barakaldoko Hiri Agendaren ardatz estrategikoetako bat dira. Zehatzago esanda adineko pertsonei erreferentzia egiten dieten bi ardatz daude: zaintzak digitalizatzea eta adinekoekiko eten digitala murriztea, eta irisgarritasuna hobetzea espazio publikoetan, garraioan eta administrazioarekiko izapideetan.

Barakaldoko Udala oso inplikatuta dago hiria adinekoentzako gune lagunkoiagoa izan dadin eta, horregatik, azken urteotan Barakaldo hiri irisgarriagoa, lagunkoiagoa eta adinekoak gehiago kontuan hartzen dituena egiten lagunduko duten neurriak jarri dira abian. Alde horretatik aste honetan bakarrik bizi diren eta gizarte-zerbitzuekin inoiz harremanik izan ez duten 80 urtetik gorako pertsonentzat garatu den Begirada Adia proiektuarekin hasiko gara lanean. Helburua gizarte-harreman berriak sortzeko aukerak eskaintzea da, horrela nahi ez diren bakardade-arazoei aurre eginez. Aldi berean hirian zehar ariketa  fisikoa egiteko eta paseoan egiteko  Zapatilak izeneko programa sortu da; auzoetan zehar egingo den ilarako dantzen programazioa dago; hiri-autobusaren irisgarritasuna hobetu da; adinekoen zentroen sarea zabaldu da,…