Bilboko Portuko saneamendu-sistema berriaren obren lehen fasearen lizitazioa ireki da

0
  • Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 12,3 M €-koa da, BEZa barne, eta Bilboko Portu Agintaritzak eta Uraren Euskal Agentziak % 50ean finantzatuko dituzte lanak 
  • Portuko saneamendu berriak portuko eremu osoan dauden egungo arazketa-instalazioak ordezkatuko ditu 

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikitako Uraren Euskal Agentziak  Bilboko Portuko saneamendu-sistema berriaren obren lehen fasea lizitatu ireki berri du. Lan horiekin, gaur egun dauden arazketa-instalazio ugari ordeztuko dira:  araudiari egokituta izan arren, portu-eremu osoan sakabanatuta daude. Ordezko saneamenduaren  proiektu aitzindari eta berritzaileak  Bilboko Portua garapen jasangarrian erreferentziazko portu bihurtzeko urrats nabarmena emango du.

Bilboko Portuan 300 ha-tik gorako jarduera-eremua dagoenez, Santurtzin eta Zierbenan kokatutako portu-espazio guztietarako proiektatutako saneamendu-sistema berria hiru fasetan egikarituko da.

Orain lizitatzen diren obrak Santurtziko kaietara eta Espigoi Nagusira mugatzen dira: alegia, hondakin-urak bildu eta bideratzerko jarduketen I. faseari dagozkion esku-hartze eta instalazioak. Lizitaziorako oinarrizko aurrekontua 12,3 milioi eurokoa da, BEZa barne, eta Bilboko Portu Agintaritzak eta Uraren Euskal Agentziak finantzatuko dute % 50ean.

Egungo saneamendu-soluzio atomizatuak ordeztea 

Gaur egun, arazketa-instalazio ugari daude portu-eremu osoan, eta horiek arduratzen dira ur sanitarioen eta industrialen kalitatea hobetzeaz, itsasora isuri aurretik. Tamaina eta tipologia askotarikoak dira: hobi septikoak isurketa txikiagoetarako, eta araztegiak tratamendu primario eta sekundarioekin industria-isurketa garrantzitsuenen kasuan.

Saneamendu-sistema berriarekin, dauden tratamendu-instalazioak bildu nahi dira kolektore-sare baten bidez, ur sanitarioak eta industrialak Galindoko Hondakin Uren Araztegira (HUA) eramateko, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak (BBUP) kudeatuta. Horrela, itsasora egingo liratekeen isurketa bakarrak euri-urei eta hozte-urei dagozkienak izango lirateke, kutsatzeko ahalmen txikia baitute.

Saneamendu-sistema berriztatzailea 

Aurreikusitako saneamendu-sistema hutsa baliatzen duen sistema bat da: hondakin-urak biltzeko ohikoagoa den grabitatearen edo bulkadaren bidez hondakin-urak bideratzen dituzten saneamendu-sistema arrunten ez bezalakoa.  Saneamendua bideratzeko huts-sistema horrek dimentsio esanguratsuak ditu, EAEn aurrekaririk ez dutenak. Funtsean, hasieran, isurketak grabitatearen bidez kutxatila batzuetara iristen dira, eta, handik, hutsaren bidez xurgatzen dira, estazio bateraino; hortik, azkenik, egungo sareraino ponpatzen dira, Galindoko araztegira iristen den sareraino.

Portuko jardueraren etorkizuneko bilakaerara egokitu daitekeen saneamendu-sistema 

Saneamendu-azpiegitura hori etorkizuneko eskaerei zerbitzua emateko gai izango da, eta aukera emango du aurrerantzean Bilboko Portuan jar daitezkeen jarduera berriak saneamendu-azpiegiturara konektatzeko. Horretarako, saneamendua urteko isurketa-bolumenetarako dimentsionatuta egongo da, 1,4 m m³ ingururaino, 45 l/s inguruko batez besteko emariarekin eta 70 l/s arteko puntako emariekin.

Proiektu osoak, gainera, Europar Batasunaren finantzaketa izango du, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren bidez (Next Generation EU).