EUSTATEk esperientzia pilotu bat egingo du Laudioko udalean tokiko gobernuari estatistika-datuekin kudeaketan eta erabakiak hartzen laguntzeko

0

Eustat – Euskal Estatistika Erakundeak esperientzia pilotu bat egingo du Laudioko Udalean, tokiko gobernuaren kudeaketan eta erabakiak hartzen laguntzeko estatistika-datuekin. Horrela, eskura dauden baliabideak optimizatu eta herritarren beharrei eta eskaerei erantzun nahi zaie, udalerri horretarako informazio pertsonalizatuan oinarrituta.

Helburu horrekin, eta bere baimenarekin, astearte honetako Gobernu Kontseiluak lankidetza-hitzarmen bat formalizatu du Eustaten eta Laudioko Udalaren artean. Aginte-taula estrategikoak egingo dira, barneko eta Eustateko informazioarekin, PowerBI edo Tableau bezalako bistaratze-tresnen bidez.

Datuetan eta ebidentzietan oinarritutako kudeaketa baten komenigarritasunetik abiatzen den ekimena da. Politika eta zerbitzu publikoak planifikatzeko eta ebaluatzeko oinarrizko baldintza, kontuak emateko eta gardentasunerako beharrezkoa (publizitate aktiboa eta informazioa eskuratzeko eskubidea). Azken horrek herritarren parte-hartzea eta lankidetza sustatzen ditu erabakiak hartzeko prozesuetan.

Erronka globala hauxe da, egoeren analisia eta datuetan oinarritutako erabakiak euskarri dituen kudeaketa-eredu baten jabe den administrazio baterantz eboluzionatzea. Hala, herritarrei zerbitzu pertsonalizatuak modu proaktiboan emateko, datu-emari on bat behar da.

Datuetan oinarritutako kudeaketak udal-gobernuen lehentasuna izan behar du eta xede hori lortzeko Eustatek datu ugari ditu, Laudioko Udalaren esku jarri nahi dituenak, bi helbururekin: datu horiek bere webgunearen bidez berriz zabaltzea eta aginte-taula estrategikoak eta kudeaketa-taulak egiteko erabiltzea.

Eustatek emandako datuak erabiltzeaz gain, udalak datu asko ditu bere kudeaketan, eta datu horiek egituratu egin behar dira, eta eskura izan behar dituzte beren politika publikoak diseinatzeko eta ebaluatzeko eta haien jarraipena egiteko.