Zabor-uztea erosotuko du Barakaldok, bilketa pneumatikorako edukiontzietako ahoak handituz

0

Zabor bilketa pneumatikorako ahoak hobetuko ditu Barakaldok, zerbitzua erraz eta eroso baliatzeko konpromisoa hartua baitzuen gobernu taldeak. Gaur goizean aurkeztu du ekimena Auzoetako eta Hiriko Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi Jon Andoni Uriak. 1,6 milioi euro inbertituko dira horretan.

1. zentraleko hondakinak botatzeko ahoak 2002koak dira, eta gehienen buruetako uhateak ez dira oso erosoak.  «Horregatik ordeztu ditugu buruak, eta beste ergonomikoagoak jarri, ogi-otzara gisako danbor horizontal birakaridunak. Aho-buruak ordeztearekin zerbitzuaren kalitateak hobera egin duela egiaztatu ondoren,  horrelako buruak beste erosoago eta ergonomikoagoez ordeztuko ditugu  pixkanaka, bai eta dauden ontzien altuera ere», iragarri du zinegotziak.

Lizitatzen ari den kontratuak 1. zentraleko ontzietan 250 elementu hornitzea aurreikusten du. Elementu horiek honako hauek dira: ogi-otzara erako buruak, irekiera eta itxiera automatikoko botoiarekin (143); ogi-otzara erako burua, etxeko eta merkataritzako isurketa mistorako, palanka bidezko eskuzko irekierarekin (77); eta etxeko isurketarako ontzi osoak eta mistoak, ogi-otzara erako buruarekin eta pedalarekin eta palankarekin eskuzko irekierarekin (30). Horri altzairuzko 35 lepoko gehitu behar zaizkio, 500 eta 450 mm bitarteko altuerako postontzi jakin batzuen altuera doitzeko.

Postontzietako buru berriak altzairu herdoilgaitzezko forja-buru beltzak izango dira, eta haietan isuri beharreko hondakin-mota bakoitzari dagozkion koloreak izango dituzte: grisa gainerako hondakin ez-birziklagarrien postontzirako, horia, berriz, ontzien postontzirako. Halaber, pegatina berriak sartuko dira ontzietan, hondakin mota adierazteko eta egin behar ez diren jarduketa desegokiak eta gizalegearen aurkakoak gogorarazteko, hala nola hondakin mota desberdinak isurtzea edo poltsak eta hondarrak ontzietatik kanpo metatzea.  «Beharrezko urratsak egiten ari gara herritarrei ematen zaien zerbitzua hobetzeko. Inplikatzen ari gara, baina guztion erantzukizuna da hiria garbi mantentzea.  Horregatik eskatu nahi dugu herritarren inplikazioa eta poltsak edukiontzien barruan uzteko konpromisoa», azpimarratu du Uriak.

Dauden instalazioek 20 urteko antzinatasuna dute, eta hornitu eta instalatu beharreko elementuek aldez aurreko egokitzapen-lanak behar dituzte; beraz, enpresa esleipendunak aldez aurretik proba bat egin beharko du, Udalaren iguripenak betetzeko.  Horrela, aldez aurretik mota bakoitzeko elementu bat hornitu eta instalatuko da Batzar Nagusien kalean, Labe Garaien hiribidean eta Eléctrica de Nervión kalean, eta behar bezala funtzionatzen dutela egiaztatu ondoren, 1. zentraleko gainerako ontzietan hornitu eta instalatuko dira.

Amaitzear dago kontraturako eskaintzak aurkezteko epea, eta urtea amaitu baino lehen has litezke lanak.  BEZa barne, 1.667.820,16 eurokoa da proiektuaren aurrekontuaren lizitazio oinarria.