Chino Darin aktore argentinarrak jaso du euskal gastronomia eta kalitatezko produktua sustatzen dituen Eusko Label Saria, Zinemaldia jaialdiaren 70. edizioaren baitan

0

Chino Darin aktore, zinema ekoizle eta Argentinako telebistako aurkezleak Eusko Label Saria jaso du Donostiako Itsas Etxean, Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordearen eta Jose Luis Rebordinos, Zinemaldiko zuzendariaren eskutik. Eusko Jaurlaritzak bultzatutako sariaren zazpigarren edizioa da aurtengoa. Zinemako profesionalen lana goraipatzen du, eta, aldi berean, Euskadiko tokiko eta kalitatezko produktua eta gastronomia sustatu eta balioetsi nahi ditu.

Saria Eusko Label markaren eta Basque Wine sustapen-markaren babespean dauden kalitatezko Euskadiko elikagaien eta edarien sorta bat da. Arabako Errioxako ardoak, Euskal Sagardoa, Txakolina eta Euskadiko artisau-garagardoek osatutakoa.

Oroz sailburuordeak azaldu duenez, «sari hau gure nekazaritzako elikagaien kate osoa sustatzeko eta balioesteko beste modu bat da, gure baserritarrek eta arrantzaleek eskaintzen dizkiguten produktu bikainetan oinarritzen dena, eta mahaietan bere adierazpenik gorena lortzen duena, bai gure etxeetan, bai nazioartean ezagunak diren gure jatetxeetan ere. Jarduera multzo horrek, lehen sektoretik hasi, elikagaien industrian eta jatetxeetan jarraitzen duenak Euskadiko BPGri % 10,6ko ekarpena egiten dio eta 100.000 enplegu inguru sortzen ditu«.

Gaineratu du «Elikadura hazten ari den merkatua da, enplegua eta balio erantsia sortzen ditu, eta beste negozio batzuetarako trakzio-gaitasun handia du, ahaztu gabe lehen sektorea, elikagaiak ekoizteaz gain, gure landa-ingurunea eta itsasertza mantentzearen, gure kultura zaintzearen, paisaiaren eta abarren arduraduna dela«.

Eusko Label produktuen familia

Eusko Label markak bereizgarri horrekin ziurtatutako Euskadiko goi-mailako 18 produktu ditu, Eusko Labelarekin egindako produktuez gain.

Eusko Labelek helburu hauek ditu: kontsumitzaileei kalitate-maila zorrotza bermatzea, produktuen jatorria eta benetakotasuna segurtasun osoz identifikatzea, eta Euskadiko ekoizleen lana defendatu eta sustatzea.

Eusko Label produktuak dira: Euskal Okela, Euskal Esne Bildotsa, Euskal Baserriko Txerria, Hegaluzea eta Hegalaburra, Euskal Baserriko Arrautza, Euskal Esnea, Eztia, Arabako Patata, Gernikako Piperra, Euskal Tomatea, Euskal Barazkiak, Ibarrako Piparrak, Euskadiko Lekariak, Oliba Olioa birjina estra, Arabako zekaleak, Antxoa eta Euskadiko Gatza.