Ikerketa baten arabera, esnetarako behien metano-isuriak % 20 murriztu daitezke

0

Hautespen genetikoak eta elikadurak esnetarako behien metano-isuriak % 20 murriztu ditzakete hamar urtean. Ondorio hori atera du Metalgenek, Neiker-ek, BRTA euskal aliantzako kideak, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoarekin batera burututako ikerketa-proiektuak, Espainiako Frisonako Konfederazio Nazionalaren (CONAFE) laguntzarekin.  

Proiektuan 1.500 behiren emisioak eta genetika aztertu dira, 4.500 parametro baino gehiago oinarri hartuta. Horrez gain, nutrizio-saiakuntzak egin dira, nutrizio-gehigarri desberdinek metano-emisioetan duten eragina ebaluatzeko. Neiker-etik azaldu dutenez, “hausnarkari horiek sortutako metanoa animaliaren urdaileko elikagaiaren hartziduraren ondorio da, eta, beraz, gas horren ekoizpena eta haren ezaugarriak, aldi berean, animaliaren elikaduraren eta genetikaren araberakoak dira”.   

Ikerketarako behar diren datuak lortzeko, sentsore eramangarri bat erabili dute, animaliek botatzen duten metanoa neurtzea ahalbidetzen duena. “Esnetarako behi-ustiategietako jezteko robotetan instalatu genuen zenbait astez. Zundak aukera ematen du denbora horretan behi-taldeko animalia guztien eruktazio-fenomenoak eta haien intentsitatea erregistratzeko, jezten diren bakoitzean”, Roberto Ruiz Neiker-eko Animalia Ekoizpeneko Departamentuko buruak zehazten duenez. Horrela, ekoiztutako esne litro bakoitzeko emisio gutxien sortzen duten behiak identifikatzea ahalbidetu du proiektuak,  hau da, hurrengo belaunaldiko “amarik” egokienak izango liratekeenak.  

Ikerketa, sektorearen trantsizioaren gakoa   

“Azken 14 urteetan Euskadin behien eta ardien metano-isurketa % 24 jaitsi den” arren, Ruizek hala nabarmentzen du, nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduerak eta egungo elikadura-sistemaren kudeaketak Europan berotegi-efektuko gasen % 23 sortzen dute, IPCC Klima Aldaketari buruzko Gobernu Arteko Taldeak egindako txosten baten arabera.   

Testuinguru horretan, eta Neiker-etik azpimarratzen duten bezala, “garrantzitsua da ekoizpen-sistema batzuk, kasu honetan intentsitate handienekoak, ingurumenarekiko errespetu eta adiskidetasun handiagoa duten ekoizpen-moduetarantz eboluzionatzea. Horregatik, funtsezkoa da abeltzainei trantsizio hori ahalbidetuko dieten ezagutza, aholkularitza, neurriak eta teknologiak ematea”.  

SPRI Taldeak euskal enpresen I+G bultzatzen du tresnekin, aktiboekin, laguntzekin, lantalde eta aliantzekin, ikerketa sustatzeko eta teknologia berriak sortzeko. Elkartek, Emaitek edo Hazitek bezalako I+Grako laguntza programak kontsulta itzazu.